Gizartea -

Koronabirusa

Sagarduik ohartarazi du pandemiak hemen jarraitzen duela, eta 15 pertsona hil direla bi egunetan

Osasun sailburuak azaldu duenez, "azkenaldian badirudi pertsona batzuentzat pandemia ez dela errealitate larria eta arriskutsua".

Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Argazkia: Efe
Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Argazkia: Efe
Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ohartarazi du pandemia "hemen" dagoela, bereziki pertsona zaurgarrienentzat, eta azken bi egunetan 15 pertsona hil direla covid-19arengatik.

Sagarduik Laura Garridoren (PP+Cs) galdera bati erantzun dio Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan. Ordezkari popularrak koronabirusaren aurkako neurrien ebaluazioa egiteko eskatu dio Sagarduiri, "zer egin den gaizki jakiteko eta akatsak zuzentzeko".

Sailburuak azpimarratu du euskal osasun sistemak "martxan" jarraitzen duela "sistema sendoa" delako, pandemia hasi zenetik esfortzu handia egin behar izan duen arren. "Ez gara gelditu, premiazkoenari erantzun behar izan badiogu ere", berretsi du.

Horren harira, gogorarazi du gaur egun 400 gaixo daudela covid-19arekin ospitaleetako logeletan eta 80 ZIUetan, baina kirurgia jarduera eta aurrezko aurreko hitzorduak berreskuratzen ari direla. Gainera, egungo joerarekin "premiazkoak ez zirelako atzeratu ziren jarduerak lehenbailehen berreskuratzekotan" direla jakinarazi du.

Dena den, Sagarduik esan duenez, "azkenaldian badirudi pertsona batzuentzat pandemia ez dela errealitate larria eta arriskutsua".

"Gure gainean dago, hemen, bereziki pertsona zaurgarrienentzat. Egunero hiltzen ari dira pertsonak: atzo hamar, gaur bost", azaldu du, Eusko Jaurlaritzak murrizketa neurriak bertan behera utziko dituela iragarri eta biharamunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa