Gizartea -

Koronabirusa

Covid ziurtagiria ezartzeak hiru puntu igoarazi du txertaketa maila, Sagarduik nabarmendu duenez

Hartutako neurrien "eraginkortasuna aztertzeko txostena" eskatu diote oposizioko taldeek Osasun sailburuari eta Eusko Jaurlaritzari berari.

Sagardui, gaurko agerraldian. Argazkia: EITB Media
Sagardui, gaurko agerraldian.
Sagardui, gaurko agerraldian. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak nabarmendu duenez, covid ziurtagiria ezartzeak hiru puntu igoarazi du "atzeratuen zeuden taldeen" (20-29 urteko eta 30-39 urtekoen artekoak) txertaketa maila. Igoera horrek, sailburuaren ustez, neurria "eraginkorra" dela erakusten du, eta hori dela eta, otsailaren 13ra arte eskatzen jarraitzeko baimena galdegin dio EAEko Auzitegi Nagusiari.

Sagardui Legebiltzarrean izan da gaur, astero pandemiaren bilakaeraren berri emateko Osasun Batzordean egin ohi duen agerraldiaren testuinguruan. Datu epidemiologikoen berri eman du, aurrena. Azaldu duenez, azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatua 3.134 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta ospitaleetako presioa apur bat jaitsi da (624 pertsona daude gela arruntetan eta 92 ZIUetan). Sagarduiren aburuz, "beherakada motela" atzematen ari dira, eta "zuhurtzia"ri eusteko deia egin du.

Oposizioko taldeek (Vox, PP+Cs, Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bildu) estu hartu dute sailburua, eta Jaurlaritzak hartu dituen neurrien "eraginkortasuna aztertzeko txostena" eskatu diote, covid ziurtagiriarena, besteak beste.

Horren harira, Sagarduik jakinarazi du ziurtagiria ezarri zenetik hiru puntu dela gazteriaren txertaketa maila, eta azpimarratu du ez dela halako igoerarik izan aurreko  epeetan. "Beste prebentzio neurriekin batera, neurri eraginkorra dela frogatu du ziurtagiriak". Era berean, argitu du EAEko Auzitegi Nagusiari helarazitako eskaeran hotelak eta joko-aretoak ere aipatzen direla, baina "esplizitu egin" nahi izan dutelako izan da, bi leku horietan "jada eskatzen zutelako" (ostalaritza jarduera eskaintzen duten aldetik).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Jatetxeak Tabernak Txertoak Koronabirusa Covid pasaportea