Gizartea -
KORONABIRUSA
Farmaziako test batean positibo ematen duenak bakartu egin beharko du, baina ez du jakinarazi beharko
Orain arte, farmaziako antigeno-proba batean positibo ematen zuenari osasun-sistemari jakinarazteko eskatzen zitzaion, Osakidetzaren webguneko formularioaren bidez.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Osakidetzak protokoloa aldatu du botiketan saltzen diren antigeno-proben inguruan, eraginkortasuna handitzeko helburuarekin. Aurrerantzean, farmazian egindako proba batean positibo ematen duena etxean bakartu beharko da, baina ez dio Osakidetzari jakinarazi beharko. Dena dela, sintomek okerrera egiten badute, Lehen Arretan artatuko dute.
Orain arte, farmaziako antigeno-proba batean positibo ematen zuenari Osakidetzaren webguneko formularioa erabiliz osasun-sistemari jakinarazteko eskatzen zioten. Protokoloa, baina, aldatu egin dela azaldu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astelehen honetan.
Hala ere, baja bat kudeatzeko, baieztapena beharko da, eta Osakidetzaren webguneko formularioa betez egin beharko da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, igandean 7.620 covid-19 kasu hauteman dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; positibotasuna % 42koa izan da, eta intzidentzia-tasa metatua 14 egunean 100.000 biztanleko 6.691ra igo da.
Ospitaleetako egoerak okerrera egin du: 796 lagun daude ospitaleratuta gela arruntetan eta 137 gaixo daude EAEko ZIUetan.
Hezkuntza protokolo berria
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza eta Osasun sailak elkarlanean Hezkuntza protokoloa eguneratu dute, koronabirusak eragindako gaur-gaurko egoerara egokitzeko.
Ikasle batek sintomarik badu, etxean gelditu beharko du eta Euskadi.eus webguneko "nola jokatzen dut?" atalean dagoen formularioa bete beharko du. Webgunearen bitartez zailtasunak dituztenek osasun zentrora deitu ahalko dute.
Ikasgelan positiboren bat balego, gainerako ikasleek eskolara joaten jarraitu beharko dute, beti ere prebentzio neurriak beteta. Sintomarik ez dutenek ez dute etxean geratu beharko eta, berariaz adierazi ezean, ez zaie proba diagnostikorik egingo. Koronabirus kasu gehiago egonez gero eta egoera epidemiologikoaren arabera, aztarnariek erabakiko dute hezkuntza zentroan esku-hartzerik egin behar den ala ez.