Gizartea -
KORONABIRUSA
Eguneko positiboek 3.000 kasuren langa gainditu dute beste behin Nafarroan
Zehazki, 3.384 koronabirus kasu berri atzeman dituzte, Foru Gobernuko Osasun Departamenduaren behin-behineko datuen arabera.
EITB MEDIA
3.384 koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken orduetan Nafarroan, Foru Gobernuko Osasun Sailaren behin-behineko datuen arabera. Beherakada txiki bat izan da, atzo 3.616 izan baitziren. Eremu kaltetuenei dagokienez, Arrotxapea auzoan jakinarazi dituzte kasu gehien, 129.
Datu horiekin, Nafarroan ospitaleak betetzen ari direla aitortu du Carlos Artundo Nafarroako Osasun Zuzendari nagusiak Euskadi Irratiko mikrofonoetan. Nafarroako unibertsitate erietxean adibidez, hartu dute erabakia: onkologikoak ez diren ebakuntza guztiak bertan behera utzi dituzte.
Testuinguru honetan, kontingentzia plana abian da Nafarroan. Hori dela eta erretiroa hartutako osasun langileak berreskuratu behar izan dituzte. Azken egunetan 30 erizain ekarri dituzte txertaketan parte hartzeko. Oporrak ere kolokan daude askorentzat.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, gaurko egunean zehar ez dute hildakorik zenbatu, eta atzo 200 paziente zeuden koronabirusagatik ospitaleratuta, horietatik 21 ZIUn. Gainera, 27 ospitaleratze berri izan ziren. Positibitate tasa % 47,9an kokatu zen.