Gizartea -
Loteria
Erregetako loteriak 700 milioi euro banatuko ditu gaur
Zozketa 12:00etan egingo dute eta zenbaki saridunak eitb.eus-en egiaztatu ahalko dira.
EITB Media
Erregetako loteriak 700 milioi euro banatuko ditu ostegun honetan egingo den zozketan. Lehenengo saria serieko bi milioi eurokoa izango da; bigarrena, serieko 750.000 eurokoa; eta hirugarrena, serieko 250.000 eurokoa. Gainera, 3.500 euroko 20 sari eta 1.000 euroko 1.400 sari ere izango ditu, besteak beste.
Hego Euskal Herriko herritar bakoitzak 18,50 euro jokatu ditu batez beste Erregetako loterian, Espainiako Estatuaren batezbestekoa (17,5 euro) baino gehiago. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), batez beste, 22,4 euro jokatuko ditu herritar bakoitzak (iazko kopuru bera); Nafarroan, aldiz, batez beste, 13,64 euro jokatuko ditu bakoitzak.
EAEko lurraldeen artean ere aldeak handiak dira. Gastua handiagoa da Bizkaian, bertako herritar bakoitzak, batez beste, 28,7 euro gastatuko baititu loteria horretan. Atzetik geratuko dira Arabako eta Gipuzkoako herritarrak, 17 eta 14,8 euroko gastuarekin, hurrenez hurren.
Bestalde. loteria-saltzaileak administrazioetara itzuli dira abenduan protesta egin ostean. Hilaren 22an saltokiak ixteko deialdia egin zuten, salmenten komisioa azken 17 urteetan izoztuta dagoela salatzeko. Loteria-saltzaileek dezimoaren prezioaren % 4 (80 zentimo) jasotzen dituzte dezimo bakoitzeko.
Dezimoen salmenta masiboaren aurrean, iruzurren arriskuaz ohartarazi dute. Loteria baimendutako saltokietan soilik erosteko, mezu eta dei susmagarriez ez fidatzeko eta dezimoak benetakoak direla egiaztatzeko gomendatu dute administrariek.