Gizartea -
Koronabirusa
Osakidetza 45 urteko herritarrei hirugarren dosia jasotzeko hitzordua ematen hasi da
Euskadik covid-19aren aurkako 759.927 hirugarren dosi eman ditu oraingoz. Honenbestez, 12 urtez gorako biztanleen % 41,9k jaso dute dagoeneko.
EiTB Media
Osakidetza 45 urteko herritarrei hirugarren dosia jasotzeko hitzordua ematen hasi da, EiTB Mediak jakin ahal izan duenez.
Euskadik covid-19aren aurkako 759.927 hirugarren dosi eman ditu oraingoz. Honenbestez, 12 urtez gorako biztanleen % 41,9k jaso dute dagoeneko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duen azken txertaketa txostenaren arabera, guztira, covidaren kontrako 4.160.443 txerto eman dituzte, lehen eta bigarren dosiak barne, baita dosi bakarrekoak eta hirugarren dosiak ere.
Horrela, gutxienez dosi bat hartu dute 1.836.464 pertsonak, eta 1.814.088k immunizazio osoa jaso dute.
Txerto pediatrikoaren kasuan, 5-11 adin tartera bideratutakoa, EAEk jasotako 60.000 dosien % 84,5 banatu dituzte. 5 eta 11 urte arteko adingabeei emandako 50.690 txertoetatik 6.004 dosi bakarrekoak izan dira.
Hirugarren dosiari dagokionez, oraingoz 30.538 hirugarren dosi jaso dituzte 90 urtez gorakoek (% 95,9), 80-89 adin tartekoek 112.379 (% 92,9), 70 eta 79 urte artekoek 194.247 (% 93,2), 60-69 adin tarteko 217.678 pertsonak (% 80) eta 60 urtez azpiko 205.085 pertsonak (% 17,3).