Gizartea -

ELKARRIZKETA

Sagarduiren hitzetan, adierazleak begiratuta ezin da esan datozen egunetan joera aldaketa bat izango denik

Osasun Ministerioak eta erkidegoek positibo asintomatikoen berrogeialdia 10 egunetik 7ra murriztea erabaki eta biharamunean, sailburuak azpimarratu du Euskadin irizpide zientifikoak jarraituz hartzen direla erabakia.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Argazkia: Radio Euskadi
Gotzone Sagardui Osasun sailburua
Sagardui: 'Positiboen koarentena irizpide zientifikoei jarraituz murriztu da'

4:09

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kutsatzeek etenik gabeko goranzko bidean jarraitzen dute Euskadin eta eguneko positiboek 11.000 kasuren langa gainditu dute, asteleheneko datuak ia bikoiztuta (6.568 positibo). Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak ostegun honetan emandako behin-behineko datuen arabera, asteazken honetan 33.000 proba baino gehiago egin dira eta horietatik 11.712k emaitza positiboa izan dute. Beraz, positibotasun tasa % 35,1ekoa da. 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua, ostera, 2976,39 kasukoa da.

Radio Euskadiko "Boulevard" saioan gaur goizean egin dioten elkarrizketan eskaini ditu pandemiaren bilakaerari buruzko behin-behineko datuak. Gotzone Sagarduiren esanetan, datuek agerian uzten dute "transmisio komunitarioa" dagoela eta omikron aldaera "oso kutsakorra" dela. Gaineratu duenez, gaur-gaurkoz, adierazleak begiratuta ezin da esan datozen egunetan joera aldaketa bat izango denik.

Osasun sailburuaren arabera, asteazken honetan koronabirusa hautemateko 33.388 proba egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta horietatik 11.712k emaitza positiboa izan dute. Ondorioz, positibotasun tasa % 35,1era igo da.

Positiboen gorakada tarteko, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua 2976,39 kasura igo da. "Atzotik gaur arte 429 puntu egin du gora", gehitu du. Oinarrizko birsorkuntza tasa, ostera, 1,61era igo da.

Sagarduiren iritziz, omikron aldaerak oro har sintoma arinak eragiten baditu ere, ospitaleratzeak igotzen ari dira. Gaur egun, covid-19arekin kutsatuta dauden 455 pertsona daude ospitaleratuta, atzo baino 25 gehiago. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), berriz, 122 gaixo daude.

Zenbait sektoretatik iragarri dutenaren kontra, Gotzone Sagarduik ez du uste ebidentziak aintzat hartuta datozen egunetan joera aldaketa bat izango denik. Osasun Ministerioak eta erkidegoek positibo asintomatikoen berrogeialdia 10 egunetik 7ra murriztea erabaki eta biharamunean, sailburuak azpimarratu du Euskadin irizpide zientifikoak jarraituz hartzen direla erabakia. Halaber, orain arte ez dela egin eta aurrerantzean ere berrogeialdia igarota proba diagnostikorik ez dela egingo azpimarratu du. Dena dela, adierazi du denbora bat pasatzen dela gaixoa negatibizatu arte, nahiz eta ordurako birusa transmisore ez izan.

Osasun, Hezkuntza eta Unibertsitate ministerioek autonomia erkidegoekin asteartean egingo duten bilerari begira, sailburuak azaldu du atzo bertan bilera egin zutela Osasun Sailean ikasturtearen lehen hiruhilekoaren balorazioa egiteko. Sagarduik dio aurrez aurreko eskolak mantentzearen aldeko apustuari eusten diola Eusko Jaurlaritzak, beti ere, segurtasuna bermatuta. Adinekoen egoitzei lotuta azaldu du prebentzio neurri guztiei eusten dietela.

Osasun Sailari langile gehiago kontratatzeko egindako kritiken inguruan galdetuta, sailburuak esan du "Osakidetzak ez duela inoiz inolako mugarik izan beharrezko langileak kontratatzeko", baina onartu du talde profesional jakin batzuetan, profil espezifiko batzuekin kontrata zitekeen guztia kontratatuta dagoela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gaixotasunak bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Medikuntza albisteak COVID fokuak