Gizartea -
Koronabirusa
Prebentziorako Europako Zentroak ohartarazi du txertoa ez dela nahikoa omikron aldaera gelditzeko
Txertoa jartzearekin batera, beste hainbat neurri hartzea ezinbestekoa dela adierazi du Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak. Urtarrilerako omikron aldaera nagusia izango dela uste dute agintariek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Omikron aldaeraren hedapena gelditzeko txertoa soilik erabiltzea nahikoa ez dela ohartarazita, kutsatzeak murrizteko beste hainbat neurri hartzeko deia egin die Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak gobernuei.
Datozen hilabeteetan herritar zaurgarrienak babesteari lehentasuna eman behar zaiola eta helburu hori txertaketarekin bakarrik lortzea ezinezkoa dela iritzi dio Prebentziorako Europako Zentroak.
Delta aldaerari aurre egiteko txertoa "oso eraginkorra" dela ziurtatu du eta kanpainarekin jarraitzeko eskatu dute. Orain arte, covid-19aren aurkako txertoari esker ia 500.000 bizitza salbatu direla nabarmendu dute.
Gauzak horrela, herritar guztiei pauta osoa ematea eta hirugarren dosia "ahalik eta azkarren" jartzea garrantzitsua dela adierazi dute.
Alabaina, txertaketarekin soilik nahikoa izango ez dela abisatu dute eta, ondorioz, beste hainbat neurri hartzea premiazkotzat jo dute. Honakoak aipatu dituzte: musukoa modu egokian erabiltzea, telelana baimentzea, garraio publikoan jende pilaketak saihestea, gaixorik egonez gero etxean geratzea, higiene neurriak betetzea eta aireztapen egokia bermatzea.
Urtarrilean omikron izango da aldaera nagusia
Prebentziorako Europako Zentroak egindako analisiaren harira, Europako Batzordeak ere aitortu du datozen hilabeteak "zailak" izango direla.
"Litekeena da omikronek olatu handi bat eragitea eta horrek osasun sistemetan presioa handitzea ekarriko du", adierazi du Stella Kyriakide Osasun komisarioak.
"Omikroni buruz gero eta gehiago dakigu. Argi dago kutsakorragoa dela eta horrek kasu positiboak ugaritzea eragin du. Prebentziorako Zentroaren mezua argia da: kasuen gorakadak ospitaleratzeak eta heriotzak ugaritzea ekarriko du", ohartarazi du.
Bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri du ziurrenik urtarrila erdialderako omikron izango dela aldaera nagusia Europan.