Gizartea -

KORONABIRUSA

Nola eska dezaket hitzordua seme edo alabari txertoa jartzeko Osakidetzan eta Osasunbidean

Haurren txertaketaren harira dauden zalantzak argitze aldera, hona hemen gomendio eta xehetasun batzuk.

Osasun-langile bat gazte bati txertoa jartzen. Artxiboko irudia: EFE
Osasun-langile bat gazte bati txertoa jartzen
Osasun-langile bat gazte bati txertoa jartzen. Artxiboko irudia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bihar hasiko dira Osasunbidea eta Osakidetza haurrak txertatzen. Aurrez, baina, Euskal Autonomia Erkidegoko familiek hitzordua eskatu beharko dute Osakidetzaren webgunearen bidez. Nafarroan, aldiz, SMS bidez edo telefono bidez jarriko dira txikien gurasoekin harremanetan.

Seme-alaben txertaketaren harira dauden zalantzak argitze aldera, hona hemen xehetasun guztiak:

Nortzuk izango dira lehenak txertoa jasotzen?

11 eta 9 urte bitartekoak, hau da, 2010, 2011 eta 2012an jaiotakoak. Hortik aurrera modu progresiboan egingo dute 5 urteko haurrengana iritsi arte. Beraz, 9 urtez azpiko seme-alabak dituztenek seme-alabarentzako hitzordua hartzeko aukeraren berri jasoko dute.

Nola jarri behar gara harremanetan? Nola hartu behar da hitzordua?

Euskal Autonomia Erkidegoan, familiek eman beharko dituzte lehen urratsak. Bi modu daude:

- Internet bidez, Osakidetzaren webgunean

- Telefonoz, anbulatoriora edo 900.20.30.50 telefono-zenbakira deituta (kasu horretan, 1 tekla sakatu). Hala eginda, hutsik dagoen lehen hitzordua esleituko da, eta zitaren informazio osoa SMS bidez jasoko da

Nafarroan, ordea, Osasunbidea jarriko da senideekin harremanetan SMS edo telefono dei baten bitartez hitzordua zehazteko.

Non jasoko dute txertoa?

EAEn, erdibideko txertaketa puntuak erabiliko dira, eta, salbuespen kasuetan, baita osasun zentroak ere. Dena dela, eskaera egiteko orduan zehaztuko zaie familiei txertoa non emango dieten.

Nafarroan, bihar, asteazkena, Tafallako Kultur Etxean eta Doneztebeko kiroldegian hasiko dira lehen dosiak jartzen, eta ostegunetik aurrera txertaketa modu orokortuagoan egingo dute Iruñeko Seminarioan.

Duela gutxi gaitza pasatu dutenek txertoa jaso behar dute?

Nafarroako Gobernuak zehaztu duenez, gaixotasuna igaro duten haurrek dosi bakarra hartuko dute gaitza pasatu eta gutxienez lau astera. Lehen dosiaren eta bigarrenaren artean kutsatzen direnen kasuan, bigarren dosia hartuko dute kutsatu eta lau astera, gutxienez.

Osakidetzak, berriz, esan du oraingoz ez zaiela txertoa emango infekzio aktibo bat duten edo azken bi hilabeteetan koronabirusa izan duten adingabeei (5.600 inguru dira).

Semeak edo alabak lehen eta bigarren dosiaren artean 12 urte betez gero, zer egin?

Nafarroan, lehen dosia jaso ostean 12 urte betetzen dituztenei covid-19aren aurkako txertoaren helduen dosia jarriko diete.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak argazkiak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Zientzia Medikuntza albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizainak azken ordukoa Medizinak albisteak Txertoak egutegia Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea albisteak Nafarroako Ospitale Gunea albisteak COVID kasuak Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Anbulatorioak Nafarroako Osasun Zerbitzua