Gizartea -
Koronabirusa
Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia aktibatuko du Gorenaren ebazpena jaso ostean
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Euskadin covid pasaportea ez baimentzeko hartutako erabakiaren aurkako errekurtsoa ezagutzeko zain dago Eusko Jaurlaritza.
N. B. | eitb media
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak astearte honetan adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia aktibatuko du Auzitegi Gorenak Euskadin covid pasaporteari buruz emandako ebazpena jaso ondoren. Ebazpena sailburuak prentsaurrekoa eman eta gutxira baieztatu da.
Eusko Jaurlaritza zain zegoen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) gaueko aisialdirako lokaletara eta 50 jankide baino gehiagorentzako jantokiak dituzten jatetxeetara sartzeko covid ziurtagiri digitalaren eskakizuna ez baimentzeko hartutako erabakiaren aurkako errekurtsoa ezagutzeko.
Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi duenez, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain, Eusko Jaurlaritza "beste neurri batzuk" aztertu ditu, baina ez ditu zehaztu.
"Beste neurri posible batzuk aztertzen ari gara, gure eskumenen arabera eta pandemiaren aurkako Legearen arabera, egoera honen berezko ezaugarriak kontuan hartuta, ezin baitira aurrekoekin alderatu", adierazi du.
Horrekin batera, Lurralde arteko Osasun Kontseiluari errege dekretua aldatzea eta maskara kanpoaldean ere derrigorrezkoa izan dadin berriro eskatuko diotela esan du.
Izan ere, egoerak txarrera egiten jarraitzen du eta "ez gaude ondo". Atzo 1.274 kasu positibo berri atzeman zituzten eta intzidentzia metatuak 500 kasuko langa gainditu du Euskadin. Gainera, ospitaleetako presioa areagotu da azken orduetan, dagoeneko 249 paziente baitaude gela arruntetan ospitaleratuta eta 49 pertsona zainketa intentsiboetan.
Sagarduik defendatu du komenigarria dela Gorenak erabakia hartu arte itxarotea, "beharrezko neurriak aktibatu ahal izateko esparru juridiko osoa" ezagutzeko. Bien bitartean, indarrean dauden murrizketak bete behar direla azpimarratu du.
Besteak beste, gogorarazi du komeni dela pilaketak saihestea, barruko espazioak aireztatzea, eskuak maiz garbitzea, eta maskara zuzen eta etengabe erabiltzea barnealdeetan eta kanpoko espazioetan.
Bestalde, datozen egunetan ekitaldiak edo jarduerak antolatzen dituzten udal erakundeei, erakundeei, eragileei eta norbanakoei dei egin die "prebentzio-neurriak betetzea bermatu ezin izango dela aurreikusten badute, jarduera eten edo atzeratu dezaten eta ekitaldietan prebentzio-neurriak gordetzen badira, indartu egin dezatela".
Sagarduik "neurriak betetzeko" deia egin du beste behin, "egoera ez baita ona".