Gizartea -
Koronabirusa
60 urtetik gorako pertsonek eta osasun langileek hirugarren dosia jasoko dute
Erkidegoetako presidente batzuek pandemiari aurre egiteko neurriak areagotzeko eskatu diote azkenaldian, baina Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak "etenik gabeko txertaketa" bultzatzearen aldeko apustua egin du.
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak asteazken honetan iragarri duenez, txertoen lantaldeak koronabirusaren aurkako hirugarren dosia 60 urtetik gorako pertsonei eta osasun langileei ematea proposatu du.
Txerto lantaldeko iturriek jakitera eman dutenez, immunitate-sistema adinarekin zahartzen doa, eta nahiz eta covid-19aren aurkako txertoak eraginkortasun oso handia izan, 60 urtetik gora babes erantzuna areagotzea komeni da.
Txerto lantaldearen arabera, "logikoa" da txertatzen hurrengoa 60-69 adin tartea izatea. 70 urtetik gorakoentzako hirugarren dosia onartu zenean, adina 65 edo 60 urtera jaistea ere izan zuten mahai gainean aztergai.
Gripearen txertoari egokitzea bilatu nahi dute adituek, erkidego batzuek 65 urtetik gora ematen dutelako, eta beste batzuek 60 urtetik gora.
Sanchezek Ankaran eman du prentsaurrekoa, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin batera.
Bertan esan duenez, erkidegoetako presidente batzuek pandemiari aurre egiteko neurriak areagotzeko eskatu diote azkenaldian, baina Sanchezek "etenik gabeko txertaketa" bultzatzearen aldeko apustua egin du, positiboen gorakadari eusteko modurik onena dela uste duelako. Hala ere, egoera Europako beste herrialde batzuetan bezain larria ez dela gaineratu du.
Osasun Ministerioaren arabera, txertoen lantaldeak 60 urtetik gorakoak eta osasun langileak hirugarren dosi batekin babestea proposatu du asteazken honetan.
Gobernuburuaren hitzetan, proposamena Osasun Publikoko Batzordearen eskuetara iritsiko da orain, eta erkidegoekin lan egingo dute kolektiboak immunizatzen jarraitzeko.
Espainiako Gobernuko presidentearen ustez, "apaltasunez eta zuhurtziaz txertaketa estrategia arrakastatsuarekin jarraitzea funtsezkoa" da.
Espainiak datu onak dituela baina orain ospitaleen eta ZIUen okupazioari erreparatu behar zaiola erantsi du Sanchezek.