Gizartea -

Koronabirusa

Hauek dira covid-19 ziurtagiria eskatzen duten autonomia erkidegoak

Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ezarrita dago jada ziurtagiria eta Jaurlaritzak berehala egingo du. Estatu espainiarrean, autonomia erkidego batzuek indarrean dute pasaportea eta beste batzuk berme judizialaren zain daude edo neurria aztertzen ari dira.

Pertsona bat bere covid-19 pasaporte digitalari begira. Eitb-ren bideo batetik ateratako irudia.
Pertsona bat bere covid-19 pasaporte digitalari begira.
Pertsona bat bere covid-19 pasaporte digitalari begira. Eitb-ren bideo batetik ateratako irudia.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren kutsatzeek gora egin ahala, prebentzio neurri berriak hartzen ari dira gobernuak, zenbait egoera edo sektoretan covid-19 pasaportea eskatzeko, esate baterako. Batzuek dagoeneko ezarri dute edo datozen egunetan egingo dute; beste batzuk, berriz, epailearen baimenaren zain daude edo neurria aztertzen ari dira.

Hego Euskal Herrian, Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio Jaurlaritzari covid pasaportea eskatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak neurria atzera bota ostean, eta epaia helarazi dio jada Eusko Jaurlaritzari. Hala, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak "berehala" emango duen agindu baten bidez ezarriko dute EAEn covid ziurtagiria. Besteak beste, gaueko aisialdian eta 50 mahaikide baino gehiagoko jatetxeetan eskatuko dute.

Nafarroako Gobernuak dagoeneko ezarri du ziurtagiria, eta, oraingoz, urtarrilaren 6ra arte egongo da indarrean. Osasun-ziurtagiria nahitaezkoa da 60 lagunetik gorako jatetxeetan, diskoteka baimena duten establezimenduetan eta dantzalekuetan sartzeko.

Estatu espainiarrean, Kataluniak gaurtik eskatuko du ziurtagiria gaueko aisialdirako lokaletan, taberna eta jatetxeen barnealdean, gimnasio eta kirol-zentroetan, adinekoen egoitzetan, musika jaialdietan eta esparru itxietan dantzatzen den hotel eta jatetxeetan sartzeko.

Galizian, gaueko aisialdirako eta jatetxeetarako da beharrezkoa, baita ospitaleetan dauden pertsonak bisitatzeko ere, Balearretan bezala. Aragoin ere erabiltzen da, baina beste modu batera: aisialdi eta ikuskizunen sektorean gomendatu egiten dute "onarpen eskubidearen babespean".

Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak baimena eman du covid pasaportea ezartzeko, eta erkidegoko aldizkari ofizialean argitaratu zain daude. 50 lagunetik gorako edukiera duten aisialdi- eta ostalaritza-lokaletara sartzeko, musika-jaialdietara eta ekitaldietara joateko, 500 lagunetik gora biltzen dituzten ospakizunetan parte hartzeko eta ospitale eta egoitzetan dauden gaixoak bisitatu ahal izateko eskatuko dute ziurtagiria.

Andaluzia eta Kanariak berme judizialaren zain daude, eta Kantabriako Gobernuak iragarri duenez, baimen judiziala eskatuko dio Kantabriako Auzitegi Nagusiari, zenbait eremutan covid pasaportea eskatu ahal izateko.

Murtziak, bestalde, edukiera murriztu gabe dagoen gaueko aisialdirako lokaletan eskatzeko aukera du, eta Extremadurak, Gaztela-Mantxak eta Madrilek, momentuz, baztertu egin dute neurria.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Nafarroa Eusko Jaurlaritza Iparraldea Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Galizia Txertoak Koronabirusa Valentziako Erkidegoa Osasun-larrialdi egoera amaitu da EAEn EBko covid ziurtagiri digitala