Gizartea -
KORONABIRUSA
Nafarroak 124 koronabirus kasu atzeman ditu egun batean, abuztu amaieratik izandako daturik altuena
Foru Gobernuak aitortu du "kezkaz" ikusten duela igoera hori, eta zehaztu du ez duela "inolako egoerarik ixten" epe labur edo ertainean eta Gabonei begira har daitezkeen neurriei buruz.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Kutsatzeen kopuruak gora egiten jarraitzen du Nafarroan, 124 koronabirus kasu berri atzeman baitituzte azken orduetan, Osasun Departamentuaren behin-behineko datuen arabera. Foru Erkidegoak ez zituen 100 positibo baino gehiago detektatzen abuztuaren 31tik, orduan 139 erregistratu baitziren.
Gainera, Nafarroak 423 positibo izan ditu azken astean (urriaren 31tik azaroaren 7ra), aurreko astean baino 135 gehiago.
Nafarroako Gobernuak asteazken honetan aitortu du "kezkaz" ikusten duela igoera hori, eta herritarrei dei egin die "erantzukizunez" joka dezaten, bereziki barruko espazioetan, murrizketarik ez ezartzeko.
Javier Remirez Foru Gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, "egoeraren bilakaeraren arabera ikusiko dute zer beste neurri hartzen diren, eta zehaztu du ez dutela "inolako egoerarik ixten" balizko neurriak hartzeari buruz, epe labur edo ertainean eta Gabonei begira.
Nafarroako espazio jakin batzuetara sartzeko covid pasaportea eskatzeko aukerari dagokionez, Javier Remirezek berretsi du Foru Gobernuak ez duela "inolako agertokirik" ixten.
Hala ere, ospitaleetako egoerak normala izaten jarraitzen du: 29 pertsona daude gela arruntetan eta sei zainketa intentsiboetako unitateetan, asteleheneko datuen arabera. Datu horiek ez dira aldatu azken asteotan, Osasunbidea Nafarroako Osasun Zerbitzuak gogorarazi duenez.
Horren harira, Remirezek esan du ospitaleratzeak "batez ere txertorik jaso ez duten pertsonengan edo txertoa hartuta beste patologia batzuk dituztenengan" gertatzen ari direla.
"Gaur egun, Nafarroako Gobernuak ez du beste agertoki bat aurreikusten, herritarren erantzukizunari berariaz dei egitea baino, bereziki espazio itxietan, maila publikoan zein pribatuan, non benetan egiaztatzen baita kutsatzeko arrisku handiagoa dagoela", azaldu du Remirezek, eta, horregatik, maskararen erabileran eta segurtasun distantziarekiko errespetuan eragin du.
Gainera, Foru Gobernua 70 urtetik gorako pertsonei indartze-dosiarekin txertoak jartzeko egiten ari den lana azpimarratu du. "Dosi hori modu egokian ezartzen ari da, eta horrekin jarraituko dugu", gaineratu du.