Gizartea -
KORONABIRUSA
Covid-19 agerraldi bat atzeman dute Astigarragako Herri Eskolan
Koronabirusa atzemateko proban 33 pertsonak eman dute positibo oraingoz. Ondorioz, zazpi gela itxi eta 150 haur isolatu dituzte.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoan 12 urtetik gorakoen % 90ek koronabirusaren aurkako txertoaren pauta osoa jaso duten honetan, covid-19ak batez ere pertsona ahulenak eta 12 urtetik beherakoak kutsatzen ditu orain. EITB Mediak jakin ahal izan duenez, koronabirus agerraldi bat atzeman dute Astigarragako Herri Eskolan.
Lehen Hezkuntzan gertatu da agerraldia, eta orain arte 33 pertsonak eman dute positibo covid-19a atzemateko proban.
Ondorioz, zazpi gela itxi eta 150 haur isolatu dituzte.
Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak informazio gabezia salatu du Euskadi Irratian egin dituen adierazpenetan. Haren esanetan, hedabideen bidez jakin dute herrian 33 positibo izan direla. Kezkatuta agertu da positibo eman duten haurren inguruko helduak ere gaixotu daitezkeelako, baina txertoa dela-eta helduengan eragina txikiagoa izatea espero du. Bestalde, ahal dela, haurren arteko harremana murrizteko deia egin du alkateak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehenero berritzen duen koronabirusaren semaforoaren arabera, Astigarragak 254,75ko intzidentzia du eta eremu horian dago. Urriaren 25etik 31erako astean, 16 positibo hauteman zituzten.