Gizartea -
AFGANISTAN
Nilofar Bayatek "20 urte atzera egin" duen Afganistan "bakarrik ez uzteko" eskatu dio NBEri
Afganistango saskibaloi selekzioko kapitaina eta ekintzailea Bilbon hartu dute, Ramish senarrarekin batera, eta Afganistanen neskek eta emakumeek duten arriskuaz ohartarazi du.
O.P. | EITB MEDIA
Nilofar Bayat Afganistango gurpildun aulkiko saskibaloi selekzioko kapitainak Nazio Batuen Erakundeari (NBE) eskatu dio ez dezala bakarrik utzi Afganistan, eta bere herrialdeak "20 urte atzera egin" duela ohartarazi du.
Bayatek prentsaurrekoa eskaini du Bilbon CEAR-Euskadiko arduradunekin batera, "Afganistandik ihes egiten duten eta nazioarteko babesa behar duten pertsonen egoerari aurre egiteko".
Kazetarien ordezkaritza zabal baten aurrean egindako agerraldian, Bayatek eskerrak eman dizkie bera eta senarra euren herrialdetik ateratzen lagundu dieten guztiei, eta Nazio Batuen Erakundeari eta nazioarteko gainerako erakundeei eskatu die "herrialdea bakarrik ez uzteko" eta Afganistango errefuxiatuei laguntzeko. Gainera, neskek eta emakumeek "arrisku handiagoa" dutela ohartarazi du.
"Ez dira inoiz aldatzen eta duela 20 urte baino arriskutsuagoak dira", esan du talibanei buruz. Kirolaria triste agertu da hedabideen aurrean; izan ere, "gainerako herrialdeek aurrera egiten duten bitartean, gureak atzera egiten du, batez ere emakumeentzat. Arriskuan daude, ezin dute lanik egin eta euren eskubideak urratzen dituzte", gaineratu du.
Zuzenbidean lizentziaduna da Bayat, eta Gurutze Gorriarekin egiten zuen lan Afganistanen. "Ez da erraza izango saskibaloiarekin jarraitzea, baina ez dut utziko. Kantxan nagoenean, ahaztu egiten dut gertatzen ari dena", esan du, saskibaloian berriro aritu nahi duela azaltzeko.
CEAR-Euskadi Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeko zuzendariak, Patricia Barcenak, ohartarazi duenez, Afganistango exodoa "hasi besterik ez da egin", egunero 30.000 pertsonak uzten baitute herrialdea. Horrela, giza baliabideak martxan jartzeko eskatu die erakundeei errefuxiatuak Europara iritsi ahal izateko.