Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroak neurri berriak hartu ditu adinekoen egoitzetan koronabirusaren "transmisio altua" dela eta
Berritasun garrantzitsuenak dira egoitzetako erabiltzaile berri guztiei PCRak egitea, eta zentroetatik kanpo 72 ordu baino gehiago eman dituzten erabiltzaileei ere probak egitea.
Agentziak | EITB Media
Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen eta Osasun departamentuek arlo soziosanitarioko prebentzio eta antolaketa neurrien lehen eguneratzea adostu dute ostiral honetan, "birusaren transmisio komunitario altua" dela eta. Zehazki, neurri berri horiek zentroetako langileei zein egoiliarrei zuzenduta daude.
Berritasun garrantzitsuenak dira egoitzetara sartuko diren erabiltzaile berri guztiei PCR probak egitea, eta egoitzetatik kanpo 72 ordu baina gehiago eman dituzten erabiltzaileei ere probak eitea.
Langileei dagokienez, lantaldera gehituko den pertsona berri bakoitzari proba diagnostikoa egingo zaio, baita 15 egunetik gora egoitzatik kanpo eman duten pertsonei ere, guztiz txertatuta egonda ere. Bestalde, derrigorrezkoa ez bada ere, egoitzen barnealdean musukoa erabiltzea gomendatuko da, eta Nafarroako Gobernuak bereziki azpimarratu du eremu itxiak behar bezala aireztatzearen garrantzia.
Oraingoz bisita-erregimena bere horretan mantentzearen alde egin du Nafaroak. Nolanahi ere, kontu handiz ibiltzea eskatu dute bai bisitetan eta baita irteeretan ere, erabiltzaileen babesaren eta pandemiak hain gogor astindu dituen eremu horien gizatiartzearen arteko oreka lortzeko.
Prozesu ireki baten parte diren neurri berri horiek bat datoz Lurraldearteko Kontseiluak emandako gomendioekin, eta Lares eta Anea elkarteekin hilero egiten diren bileretan ere partekatu dira.
Eskubide Sozialen departamentuak, halaber, bitarteko baliabideko plazak zabalduko dituzte, 14tik 24ra, isolamenduak ahalbidetzeko. Osasun Sailak, ostera, sektore horretako txertoen babesa mantentzea eta eguneratzea erraztuko du, "erabat lehentasunezkotzat" jotzen baita, covid-19aren infekzioaren aurrean erabiltzaile horiek duten kalteberatasunagatik.