Gizartea -
Txertaketa kanpaina
Casillako txertaketa gunea asteburu guztian itxita egongo da eta BECekoa larunbat goizean eta igandean
Bi guneak txertorik ez dagoelako itxiko dira, eta Osasun Sailak azaldu duenez, "ez du zentzurik horrelako baliabide bat irekita izateak, txertoa jendeak hitzordurik ez badu".
Agentziak | EITB Media
Bilboko (Bizkaia) Casillako covid-19 txertaketa-gunea itxita egongo da asteburuan, eta Barakaldoko BECekoa ez da martxan egongo larunbat goizean eta igandean. Osasun Saileko iturrien arabera, jardunaldi horietarako ez da hitzordurik eman.
Bi gune horiek txertaketa masiboko gune gisa jarri ziren abian joan den udaberrian. Biak asteburu osoan edo zati batean itxiko dituzte, izan ere, Osasun Saileko iturriek azaldu dutenez, "ez du zentzurik horrelako baliabide bat irekita mantentzeak, jendeak hitzordurik ez badu".
Hala, Casillako txertaketa-gunea itxita egongo da astelehenera arte, eta BECekoan ere ez da txertorik jarriko larunbat goizean eta igandean egun osoan. Hala ere, larunbat arratsaldean BECeko gunea irekita egongo da.
Osasun Sailak berretsi duenez, Osakidetzak, covid-19aren aurkako txertaketa prozesuan agerian geratu den bezala, "dosiak egonda, guztiak jartzen ditu" eta "ez da gaitasun kontua, dosien erabilgarritasun kontua baizik".
Halaber, azpimarratu dutenez, "baliabideak modu eraginkorrean kudeatzen dira, erabiltzen diren dosien eta ematen diren hitzorduen arabera". Horregatik itxiko dira bi txertaketa-puntu horiek asteburuan, eta ez da baztertzen aurrerago gehiagotan ere txertaketa-guneren bat puntualki ixtea.