Gizartea -
Koronabirusa
345 kasu berri zenbatu ditu Nafarroak, kutsatzeen beherako joerako bigarren egunean
Foru Erkidegoak bezperan baino 38 kasu gutxiago atzeman ditu. Covid-19ak jotako 13 gaixo ospitaleratu zituzten ostiralean, horietako bat Zaintza Intentsiboetako Unitatean.
Agentziak | EITB Media
Ostiral honetan, 345 covid-19 positibo berri atzeman ditu Nafarroak, bezperan baino 38 gutxiago. Nafarroako Gobernuko Segurtasun Sailaren azken egunetako datuei erreparatuta, beherako joera izan du pandemiak azken 48 orduetan.
2.614 proba diagnostiko egin zituzten egunean zehar, % 13,2ko positibotasun tasa eskuratuta.
Gainera, covid-19ak jotako 13 gaixo ospitaleratu zituzten ostiralean, horietako bat Zaintza Intentsiboetako Unitatean. Hala ere, erietxeetako presioak behera egin du Nafarroan. Izan ere, orotara 119 pertsona daude ospitalean (aurreko egunean baino 11 gutxiago), horietako 20 ZIUn (bezperan baino bat gutxiago).
Nafarroako hiriburuan zenbatu dituzte kasu gehien: 89. Auzoka, 14 kutsatu berri daude Txantrean, 12 II Zabalgunean, 11 Errotxapean zein Donibanen eta 10 Arrosadian.
Udalerriei dagokienez, Lizarrak 24 positibo berri atzeman ditu azken 24 orduetan. Atzetik, 13 pertsona kutsatu dira Sarrigurenen. San Adrianen, 11 dira positibo berriak eta Corellan, berriz, 10.
Gauan etxeratzeko agindua, abuztuaren 5era arte
Etxeratzeko agindua (01:00etaik 06:00etara) abuztuaren 5era luzatzeko baimena eman dio Nafarroako Auzitegi Nagusiaren administrazio-auzietarako aretoak Foru Gobernuari.
Neurriak covid-19aren ondorioz muturreko arriskuan dauden udalerriei eragiten die asteburuetan, jaiegunetan eta tokiko festetan (bezperak barne).