Gizartea -

BEC

Euskal Encounter 29 "arrakastatsua", lau egunez dozenaka jarduerez gozatu ondoren

Sabino San Vicente lanpartyko koordinatzailearen ahotan, "edizio konplexu hau antolatzeari esker lortutako eskarmentuak indartzeko balio izan gaitu".

Argazkia: Euskal Encounter
Argazkia: Euskal Encounter
Argazkia: Euskal Encounter

Eriz Lotina | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Encounter 29 balantze "oso positiboarekin" amaitu da gaur. Lau egunez dozenaka jolas, lehiaketa eta prestakuntza jarduerez gozatu ondoren, 540 partaideek erakutsitako konpromiso "handiagatik pozik" agertu da antolakuntza; izan ere, haien inplikazioarekin, ekitaldia "arrakastatsua" izatea erraztu diete antolatzaileei.

Ohar batean azaldu dutenez, "segurtasunaren aldeko apustua izan da hitzorduaren lehentasun nagusietariko bat"; izan ere, covidaren aurkako "protokolo zorrotza" izan du, pabiloi erraldoiek, aireztapenak eta edukiera murriztuak lagunduta. Edizio honetan, azken urteekin alderatuta, % 10era mugatu da partaidetza.

Sabino San Vicentek, Euskaltel Fundazioko zuzendari eta lanpartyko koordinatzaileak, eskerrak eman dizkie parte-hartzaileei, topaketa "eredugarria" izan baita.

San Vicenteren ustez, "edizio konplexu hau antolatzeari esker lortutako eskarmentuak indartzeko balio izan gaitu". Etorkizunari begira, helburua aurrez aurreko Encounter hitzorduekin jarraitzea da, betiere osasun-egoerak ahalbidetzen duen neurrian, horixe baita lanpartyen funtsa.

"2020an eta 2021eko lehen seihilekoan egindako topaketa birtual guztiek zaleen komunitatea batzen lagundu dute, baina horrelako bilkuren xede nagusia, hain zuzen ere, ondo pasatuz ezagutza eta esperientziak trukatzea da, eta hori guztia aurrez aurreko topaketetan gauzatzen da hobekien", adierazi du San Vicentek.

Hala, Encounter sarearen hurrengo hitzordua XGN R Encounter izango da, urriaren 8tik 11ra Silledan (Pontevedra) egingo dena, eta hau ere presentzialki egiteko asmoa dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Barakaldo Euskal Autonomia Erkidegoa Bilbao Exhibition Centre Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskal Encounter Urretxu