Gizartea -
Koronabirusa
Maskara berriro derrigorrezkoa izango da Ipar Euskal Herrian aire zabaleko ekitaldietan
Pirinio Atlantikoetako Prefeturak iragarri duenez, besteak beste merkatuetan, ikuskizunetan edo manifestazioetan erabili beharko dute herritarrek. Departamenduak pandemiaren bilakaeragatik hartu du neurria.
EITB MEDIA
Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Prefeturak ostiral honetan ezarri duenez, maskara derrigorrezkoa izango da Ipar Euskal Herrian berriro ere, aire zabaleko ekitaldietan. Departamenduak iragarri eta naiz.eus-ek jaso duenez, musukoa merkatuetan, ikuskizunetan eta manifestazioetan erabili beharko dute herritarrek, bai eta ikuskizunetako sarreretan sortzen diren ilaretan. Hondartzetan, aldiz, ez da derrigorrezkoa izango.
Departamenduak pandemiaren bilakaeragatik hartu du neurria, kutsatzeak geldiaraztea helburu; izan ere, intzidentzia-tasa 200 kasutik gora kokatu da. Horrez gain, aurreikuspena da bisitarien kopuruak gora egitea hurrengo asteotan.
Aldaketarik egon ezean, neurria abuztuaren 16ra arte izango da indarrean, aipatutako iturrien arabera, larunbat honetatik aurrera. 11 urtetik gorako herritar guztiei eragiten die.
Halaber, debekatu egin dute edari alkoholikoak hartzea bide publikoan, leku publikoetan eta aire zabaleko terrazetan.