Gizartea -
Koronabirusa
"Gehiegizko gizarte-interakzioa debekutzat hartzea" eskatu du Urkulluk
Ostegun honetan argitaratutako dekretuaren bidez, lehendakariaren esanetan, "asmoa da debekutzat hartzea neurriz gaineko gizarte-interakzioa, eta, hortaz, arlo jakin batzuetan pertsonen elkartzea".
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, covid19ari aurre egiteko dekretutako neurri berrien helburua da "gehiegizko gizarte-interakzioa, bai eta pertsonak 00:00etatik 06:00etara artean elkartzea ere, debekutzat hartzea".
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak ostegun honetan argitaratu du lehendakariaren dekretua; gauerditik, eragotzi egiten du bizikideak ez diren pertsonak taldeka egotea; halaber, galarazi egiten du leku publikoetan jende asko pilatzea arestian zehaztutako orduetan.
EIKA Mondragon Taldeko bizkaitar kooperatiban egindako bisitan, Urkulluk argudiatu du neurri berriak "prebentziozko neurriak bete gabe neurriz gaineko gizarte-interakzioagatik" ezarri dituztela: "Adibidez, maskaren erabilera edo pertsonen arteko tartea ez dituzte kontuan izaten", zehaztu du.
"Gure asmoa da, hain zuzen, neurriz gaineko gizarte-interakzioa, eta, beraz, arlo jakin batzuetan jende gehiegi pilatzea debekutzat hartzea", azpimarratu du lehendakariak.
00:00etatik 06:00etara arteko ordu-murrizketaren bidez, asmoa da mezua helaraztea "ordutegi-mota horietako erabiltzaileak izan litezkeen pertsonei: gizarte-interakzioan arriskua dagoela, horixe da mezua", gehitu du.
Lehendakariak azaldu du Ertzaintza eta udaltzaingoak arduratuko direla neurriak kontrolatzeaz, eta, halaber, eskatu die herritarrei bete ditzatela.
Konstituzionalaren epaia
Lehen alarma-egoerako konfinamendua legez kontrakoa izan zela zehazten duen Auzitegi Konstituzionalaren epaiaz, lehendakariak esan du ontzat hartzen duela, baina ez dagoela ados.
Haren iritziz, 2020ko martxoan ezinbestekoa zen "erabat premiazkoak eta beharrezkoak ziren neurriak gauzatzea, birusa zebilelako eta hedatzea saihestu behar zelako".
Gogora ekarri duenez, hasieran ez zen ados egon alarma-egoerarekin, izan ere, haren ustez, "lege arruntak eta legeak egiteko gaitasuna zeuden neurriak hartzeko, alarma-egoera baliatu gabe", nahiz eta Espainiako Gobernuak horren alde egin zuen.
Lehendakariak nabarmendu du alarma-egoera berresteari Diputatuen Kongresuak eman ziola abala, Ganberan eztabaidatu zuten guztietan.