Gizartea -
KORONABIRUSA
Goraldi betean jarraitzen dute kutsatzeek Nafarroan, 500 kasuren bueltan
Lesakako egoera da kezka iturri, azken orduetan 39 kasu hauteman baitituzte (bezperan 25 izan ziren). Foru Gobernuak baheketa egingo du Bortzirietako herri horretako 19-24 urtekoen artean.
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Koronabirus kutsatzeen kateak ez du etenik. Azken orduetan 484 positibo zenbatu dituzte Nafarroan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
Bezperan baino 116 gehiago dira, eta duela astebete baino 151 gehiago. Duela 14 eguneko datuekin alderatuta, gaurko balioa orduko halako 10 da (42 kutsatze atzean zituzten orduko hartan).
Igandean bezala, astelehenean ere Lesakako datuak daude puztuen: igandeko 25 kutsatzeen ondotik, 39 positibo berri zenbatu dituzte oraingoan. Iruñean 137 kasu izan dira: Arrotxapea eta Txantrea auzoetan atzeman dituzte gehien, 22 eta 20 positibo, hurrenez hurren. Iruñean zein Lesakan ez-sanferminen garaian lehertu dira kasuak. Azkenik, Corellan 18 positibo erregistratu dituzte.
Lesakan atzemandako kutsatze kopuru handia tarteko, Foru Gobernuak erabaki du baheketa masiboa egingo duela Bortzirietako herri horretan. 19-24 urtekoei dago zuzenduta, eta asteazkenean egingo dute herriko frontoian.