Gizartea -
Indarkeria matxista
Polizia Murchanteko hilketaren egilearen bila dabil
43 urteko emakume bat hil zuten atzo goizean Murchanten, ibilgailu barruan seme-alabekin zegoela. Ustezko hiltzailea biktimaren koinatua da. Zumarragako bizilaguna da eta aurrekari penalak ditu.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
43 urteko emakume bat hil zuen gizonezko batek labankadaz atzo goizean Murchanten, eta Foruzaingoak hiltzailearen bila jarraitzen du.
Emakumea bere ibilgailu barruan zegoela hil du, haren adin-txikiko seme-alabak aurrean zirela. Ustezko erasotzailea biktimaren koinatua da. Zumarragako bizilaguna da eta aurrekari penalak ditu. Murchanteko bizilagunek azaldu dutenez, emakumeak bere etxean hartu zuen usteko hiltzailea hau espetxetik atera zenean, duela hilabete inguru.
Foruzaingoak ikerketa bat abiatu du eta goizetik hiltzailearen bila dabil. Halaber, Ertzaintzak polizia-operazio bat jarri du martxan Zumarragan.
Hilketa atzo goizeko 10:25 inguruan gertatu zen, N-6840 errepidean, Murchanteko futbol zelaiaren inguruan.
Gizonak bere autoarekin jo zuen emakumearen ibilgailua, eta bidetik aterarazi. Jarraian, haren autora joan eta labankadaz hil zuen. Emakumearen 5 eta 9 urteko seme-alabak bertan ziren.
Biktimak 43 urte zituen eta gasteiztarra zen, baina 2017tik Murchanten bizi zen bere seme-alabekin batera.
Murchanteko Udalak ezohiko batzarra egin du, hilketa gaitzetsiz adierazpen instituzionala onartu eta hiru eguneko dolua ezarri dute. Halaber, iluntzean bilkura isila egin zuten herrian krimena salatzeko eta biktimaren senideei babesa adierazteko.