Gizartea -
KORONABIRUSA
18-29 urtekoen txertaketa eta 60-67koen bigarren dosia aurreratuko dute Nafarroan
Azken agerraldiak ikusita, gazteak immunizatu nahi ditu, batetik, Nafarroako Gobernuak, eta, bestetik, AstraZenecaren bigarren dosiaren zain dauden adinekoen pauta amaitu nahi du hilabete amaierarako.
E.J. | EITB MEDIA
Nafarroan izaten ari den covid-19 kasuen igoera ikusita, eta Indiatik datorren Delta aldaera ziztu batean hedatzen ari dela kontuan izanda (azken egunotan atzemandako kasu berrien ia % 30 aldaera honetakoak dira), Nafarroako Gobernuko Osasun Departamenduak txertaketa egutegia aldatzea erabaki du bi kolektibo garrantzitsutan.
Alde batetik, hilaren amaierarako aurreikusita zegoen 18 eta 29 urte bitarteko gazteen txertaketa (80.000 pertsona) aste batzuk aurreratuko da, uda hasiera honetan izaten ari diren agerraldietako protagonista den adin-tarte hori immunizatzen hasteko. Izan ere, gazteen artean diagnostikatzen ari dira kutsatzeen % 70, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera. Hori dela eta, Osasun Sailak dagoeneko zabaldu du kolektibo hori txertatzeko aukera ohiko bideetatik, eta txerto-horniduraren arabera jarriko dute lehen dosia.
Uztailean, bigarren dosiaren zain diren adin-talde guztietako pautak ixtea aurreikusita zegoen, berez. Hori dela eta, webera sartu eta txertorik ez dagoela adierazten badu zerbitzuak, ez kezkatzeko eta aurrerago saiatzeko adierazi du Osasun Departamentuak, data berriak eskainiko baitira etengabe, Nafarroara txerto gehiago iritsi ahala.
Bestalde, Osasun Sailak lehenbailehen immunizatu nahi ditu kolektibo zaurgarrienak, eta horien artean daude AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten eta, orain, bigarren dosiaren zain diren 60 eta 67 urte bitarteko herritarrak. 12 asteko tartea utzi beharra dago, berez, formula honekin, lehen eta bigarren dosiaren artean, baina txertaketa partzialki aurreratzea erabaki du Gobernuak, bi astez, EMAren eskari eta gomendio teknikoak jarraituz.
Kolektibo horretako pertsonekin, banan-banan jarriko dira harremanetan eta hitzordua borondatez aldatzeko eskaintza egingo diete. Aldaketa lekuan lekuko agendaren gaitasunaren arabera egingo dute. Talde horretako 57.000 herritar ia guztiek hilabetea amaitu baino lehen pauta guztiz osatuta izatea da helburua. Hori bai, talde txiki bat abuztuaren hasierarako geratuko da, dosien arteko tartea errespetatzeko.
Gaur egun, 40 urtetik gorako nafarren % 90ek dosi bat du gutxienez, eta % 55 erabat immunizatuta dago.