Gizartea -
KORONABIRUSA
150 covid kasu berriko langa gainditu du Nafarroak, apirileko datuetara itzuliz
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak 152 kasu berri atzeman zituen atzo, uztailak 2. Atzotik, baheketa berezia martxan dago Saloun egon ziren 19-29 urte bitarteko gazteen artean.
EITB MEDIA
Nafarroako Foru Erkidegoan gorakada handia izan dute covid-19 kasuek azken 48 orduetan. Ostegunean, 113 kasu berri atzeman zituzten, aspaldi ikusi gabeko kopurua, eta atzo, ostirala, 152 kutsatze berri atzeman zituzten, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Atzo 1.444 PCR eta antigeno test egin ziren eta % 10,5ak positibo eman zuen.
Apirilaren amaieratik ez zen egunean 150 kasu baino gehiago atzematen Nafarroan.
Kasu gehienak Iruñean (30), Tuteran (14), Corellan (11) eta Sarrigurenen (10) atzeman dira.
Baheketa masiboa Saloun izan diren 17 eta 25 urte bitarteko nafar gazteei
Nafarroako Gobernuak bi egoitza espezifiko ezarri ditu Iruñean-autobus geltokian eta Foremen- eta bat Tuteran,- Sofia Erregina Ospitalean- Saloura bidaiatu duten taldeei baheketa berezia egiteko, handik itzuli diren 16 gazte talderen artean 26 positibo atzeman ostean.
Baheketan oraingoz 168 positibo baieztatu dituzte. Parte-hartze handia izaten ari da baheketa dispositibo berezian. Lehen egunean soilik 349 proba egin dituzte.
Baheketa atzo hasi zen, eta astelehen gauera arte iraungo du. Saloutik asteburuan iristen direnentzat ere mantenduko dute, beraz. Ez da aurretiko hitzordurik beharko eta gainerako PCRetatik bereizitako sarrera du, probak arinago egiteko.
Ospitaleetako egoera egonkor
Ospitaleko egoerari dagokionez, atzo bi pertsona ospitaleratu behar izan zituzten eta 22 pertsona daude une honetan ospitaleratuta, horietako 6 ZIUn.
Bestalde, txertaketak aurrera jarraituko du asteburu osoan, eta datorren astetik aurrera 18 eta 29 urte bitarteko gazteek ere hitzordua hartzeko aukera izango dutela aurreikusi dute. Era berean, 60 eta 67 urte eta AstraZenecaren bigarren dosiaren zain daudenek ere aurreratu egin ahal izango dute hitzordua.
498 kasu berri atzeman dituzte EAEn, erdiak Gipuzkoan
Covid-19 kasuen igoera geldiezina da Euskal Autonomia Erkidegoan ere: ostiral honetan 498 kasu berri diagnostikatu dituzte, aurreko egunean baino 92 gehiago.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 8.417 proba diagnostiko egin zituen atzo, ostegunean baino gehiago (6.628) eta proben % 5,9k emaitza positiboa izan zuten.