Gizartea -
KORONABIRUSA
Soziometroa: Euskal herritarren % 47k nahiago luke maskara erabiltzen jarraitzea
Hurbileko pertsonaren bat covid-19az gaixotu ahal izateak eta Euskadirentzat izan ditzakeen ondorio ekonomikoek eragiten dute kezkarik handiena.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Euskal herritarren ia erdiek, % 47k, adierazi dute hobe litzatekeela gutxienez hilabete batzuetan musukoa erabiltzeko derrigortasuna mantentzea, % 38k uste dute jende guztiari utzi beharko litzaiokeela aire zabalean ez erabiltzen, eta % 10ek txertoa jarrita dutenei bakarrik utzi beharko litzaiekeela.
Herritar gehienek (% 88) esan dute ez dutela aldatu prebentzio-arau eta -gomendioekiko jokabidea, maiatzaren 9an alarma-egoera amaitu ondoren. % 6k esan dute lehen baino zorrotzago betetzen dituztela, eta beste horrenbestek, berriz, zorroztasun gutxiagoz egiten dutela.
Euskal gizartearen gehiengoaren ustez, oraindik ere denbora beharko dugu pandemiaren aurretik bezala bizitzeko.
Galdetutakoen % 41ek uste dute 2022an izango dela, eta 2023an edo beranduago izango da % 27ren ustez. Soilik % 13k uste dute aurten izango dela, eta % 8ren ustez inoiz ez gara berriro lehen bezala biziko, EAEko biztanleek covid-19aren pandemiari eta horren ondorioei buruz dituzten pertzepzio eta jarrerei buruz Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako soziometrotik ondoriozta daitekeenez.
Azkenik, askotariko iritziak daude pandemiak gure ohituretako hainbat alderditan eragingo dituen aldaketen inguruan. Galdetutakoen % 63ren ustez asko edo dezente aldatuko da lan egiteko modua,besteekin harremanak izateko modua aldatuko da % 59ren ustez, % 57k esan dute familia eta lana bateragarri egitea kostatuko dela, bidaiatzeko modua aldatuko da % 57ren iritzian, eta, azkenik, % 39k uste dute asko edo dezente aldatuko duela ingurumenarekiko errespetua.
Osasunarekiko eta ekonomiarekiko kezka
Euskadiko biztanleen % 19 oso kezkatuta daude, eta % 48 nahiko kezkatuta, koronabirusaren hedapenarekin. % 25 ez daude oso kezkatuta, eta % 8k ez dute batere kezkarik.
Kezkarik handiena hurbileko pertsonaren bat covid-19arekin gaixotu ahal izatea da (galdetutakoen % 50 oso kezkatuta daude horrekin, eta % 31 nahiko kezkatuta) eta Euskadirentzat pandemiak izan ditzakeen ondorio ekonomikoak (% 42 oso kezkatuta daude eta % 47 nahiko kezkatuta).
2021eko ekainaren 15a eta 18a bitartean egindako inkestaren arabera, familia-ekonomia (% 35 oso kezkatuta eta % 34 nahiko kezkatuta), seme-alabak eskolatzea (% 32 oso kezkatuta eta % 33 nahiko kezkatuta), norbera gaixotzeko aukera (% 31 oso kezkatuta eta % 30 nahiko kezkatuta) eta osasun mentalean edo emozionalean izan ditzakeen ondorioak (% 28 oso kezkatuta eta % 33 nahiko kezkatuta) ere kezkatzeko modukoak dira.
Osasunean edo ekonomian eta enpleguan dituen ondorioek kezkatzen dituzten galdetuta, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) biztanleen ustez, osasuna (% 43) eta ekonomia (% 35) dira kezkagarrienak. Galdetutakoen % 20k esan dute biek berdin kezkatzen dituztela, erantzuteko aukera hori berariaz eskaini ez zaien arren.
Herritarren % 18ren hitzetan, oso edo nahiko litekeena da koronabirusaz kutsatzea, % 65en ustez ez da oso probablea eta % 14ren iritzian ez da batere probablea. Gainera, gaixotuz gero, % 35ek uste du osasunerako oso edo nahiko larria izango dela, oso larria ez da izango % 40ren ustez, eta % 7ren iritzian, batere larria ez.
Bestalde, herritarrek 6,9 punturekin kalifikatzen dute beren egoera emozionala 0tik 10era bitarteko eskalan.
Ondorio ekonomiko larriak hautematen dira
EAEko biztanleen % 62k diote pandemiak ondorio ekonomiko larriak dituela beraientzat, eta % 92k Euskadirentzat.
Ekonomia suspertzeko itxaropenei dagokienez, herritarren % 48k uste dute euskal ekonomia 2023an edo geroago suspertuko dela, eta % 32k, 2022an suspertuko dela.
Txertaketaren kudeaketaren balorazioa
Herritarren % 64k uste dute txertoen eraginkortasunaz eta segurtasunaz ematen ari den informazioa oso edo nahiko fidagarria dela, eta % 31ren ustez ez da oso fidagarria edo batere fidagarria.
Txertoa osorik hartu duten edo lehen dosia jaso duten pertsonek ez dirudi asko aldatu dutenik beren portaera; hala, gehienek (% 70) ez dute batere aldatu mugikortasuna (% 70), haiekin biltzen diren pertsonen kopurua (% 74), taberna edo jatetxeetara joateko maiztasuna (% 73) eta maskararen erabilera (% 84). Hala ere, % 34k esan dute bere egoera emozionala asko edo dezente hobetu dela txertoa hartu ondoren.
Bestalde, herritarren % 3k soilik adierazi dute ez dutela txertorik hartuko, eta % 4k oraindik ez dute erabaki txertoa jarriko duten ala ez.
Gutxienez txertoaren dosi bat daukatenek, 10etik 8,7ko puntuazioarekin baloratu dute beren txertaketa-prozesu pertsonala, hau da, hitzordua lortzea, puntualtasuna, txertaketa-lekuaren antolaketa, etab.
Euskadiko txertaketaren kudeaketaren balorazioa ere oso ona da: herritarrek 10etik 7,3 puntu eman dizkiote.
12 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituztenen artean, % 68k txertoa jartzea nahiko lukete, baina % 23 ez daude seguru, eta % 7k nahiago lukete seme-alabei txertorik ez jartzea. 12 urtetik beherako seme-alabak dituztenen artean, % 45ek nahiago dute txertoa jartzea, % 18k ez jartzea eta % 36 ez daude seguru.
Osakidetzaren eta osasun profesionalen balorazioa
Herritarrek 10etik 7,9 puntuko nota jarri diote Osakidetzari covid-19a duten gaixoei ematen ari zaien arretagatik.
Gainera, 6,1 puntuko nota jarri diote Euskadiko osasun-agintariek herritarrei ematen dizkieten informazio eta gomendioen argitasunari.
Krisi honetan Eusko Jaurlaritzak izandako jarduerak 6,2 puntuko nota lortu du herritarren aldetik; Espainiako Gobernuak 5,1 puntukoa, eta Europar Batasunak 5,4koa.
Bestalde, herritarrek 8,8ko puntuazioa eman diete osasun-arloko profesionalei, eta 7,6koa zientzialariei. Biztanleriak puntuazio baxuagoa eman die herritarrei (5,9) eta hedabideei (5,2).
Ikerketa egiteko, 18 urtetik gorako EAE osoko 1.000 laguni galdetu diete, elkarrizketak telefonoz eginez. Lagin honi dagokion errorearen estimazioa ±% 3,16koa da EAE osorako, % 95,5eko konfiantza mailarekin. Informazio bilketa 2021eko ekainaren 15a eta 18a bitartean egin zen.