Gizartea -

GIPUZKOA

Abaltzisketako alkatearen behi bat tiroz hil izana gaitzetsi dute

ENBA, EHNE eta Aralarko baserritar elkarteak elkarretaratzea deitu dute igandean Larraitzen, Jon Zubizarreta abeltzain eta Abaltzisketako alkate denari babesa emateko.

Jon Zubizarreta hildako behiaren argazkia eskuetan duela. Argazkia: Facebook
Jon Zubizarreta hildako behiaren argazkia eskuetan duela
Abaltzisketako alkateak bere behietako bat tiroz hil dutela salatu du

4:06

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ENBA eta EHNE sindikatuek eta Aralarko baserritar elkarteak elkarretaratzea deitu dute heldu den iganderako Larraitzen (Abaltzisketa), behi bat tiroz hil dioten Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkate eta abeltzainari babesa emateko.

Maiatzaren 8an aurkitu zuen animaliaren hilotza Belingaratzen, Enirio-Aralar Mankomunitateko larreetan. Hasiera batean, heriotza naturala izan zela pentsatu zuen.

Maiatzaren 28an, ostera, artzain batek deitu zion behiak buruan tiro bat zuela ohartarazteko. Hurrengo egunean, ganaduzalea Aralarko larreetara igo zen, eta behiak kopetean bala zulo bat zuela egiaztatu zuen.

Horren aurrean, maiatzaren 30ean salaketa aurkeztu zuen Beasaingo ertzain-etxean.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Aralarko pisten eraikuntzari emandako babesarekin lotu du gertakaria Abaltzisketako alkateak. Izan ere, abeltzainak eta talde ekologistak aurrez aurre jarri ditu gai horrek, eta, azkenean, iragan otsailean, Eguzkik eta Landarlanek Aralarko pistako lanen aurka jarritako salaketa artxibatu zuen Tolosako Instrukzioko Epaitegiak.

"Penagarria eta tamalgarria"

ENBAk, EHNEk eta Aralarko Baserritarren Elkarteak "gertaera penagarria eta tamalgarria" dela salatu dute. Ildo horretan, igandean 10:30ean Larraitzen egingo den kontzentrazioan parte hartzera gonbidatu ditu Aralarko abeltzainak eta Aralar maite dutenak.

"Jakin badakigu Jon ez dela beste abeltzain bat", azpimarratu dute ohar batean. "Mendiarekiko grina, abeltzaintzaren defentsa eta herriarekiko konpromiso irmoa batzen ditu", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal mendiak bideoak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Protestak gaur Euskal sindikatuak Ingurumena azken ordukoa Animaliak albisteak Aralar mendilerroa Gipuzkoa