Gizartea -
Koronabirusa
Osakidetza hasi da 49 urteko herritarrak txertatzeko hitzorduak ematen
Gainera, AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten 60 urtez azpiko oinarrizko langileek asteon jasoko dute bigarrena emateko zita.
EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan, 49 urteko herritarrek dagoeneko aukera dute covid-19aren kontrako txertoa hartzeko txanda eskatzeko. Osakidetza horiei SMSak bidaltzen hasi da jada, eta webgunean ere badago hitzordua hartzeko modua.
Osakidetzaren aurreikuspenen arabera, datorren astean hasiko dira 49 urtekoak txertatzen.
Beste alde batetik, AstraZenecaren txertoaren lehen dosia jaso zuten 60 urtez azpiko oinarrizko langileen kasuan, ekainaren 4tik aurrera jasoko dute AstraZenecaren bigarren txertoa hartzeko SMSa, Osasun Sailaren esanetan.
Pandemiaren bilakaerari dagokionez, intzidentzia-tasa metatuak hiru puntu egin du behera EAEn, eta ehun mila biztanleko 207 kasukoa da. Herri gorririk ez dago Bizkaian, eta bakarra dago Araban; Gipuzkoan, berriz, hiru dira eremu gorritik irten ezinda dabiltzan herriak. Ospitaleetan, guztira 91 lagun daude ZIUetan.