Gizartea -

UNIBERTSITATERAKO HAUTAPROBA

Hasi dituzte unibertsitatera sartzeko hautaprobak Nafarroako 3.869 ikaslek

Guztira, 2.276 emakumek eta 1.593 gizonek egingo dituzte azterketak ostiralera bitartean. Gainera, horietatik 1.068k euskaraz egitea aukeratu dute (% 28).

Unibertsitatera sartzeko hautaproba Nafarroan. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Unibertsitatera sartzeko hautaproba Nafarroan
Unibertsitatera sartzeko hautaproba Nafarroan. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

1:21

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi eta ostiralera bitartean unibertsitatera sartzeko hautaprobak egingo dituzte Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Iruñeko eta Tuterako campusetan. Guztira, 3.869 ikaslek eman dute izena, eta horietatik 2.276 emakumeak dira eta 1.593 gizonezkoak. Gainera, 1.068k (% 28) euskaraz egitea aukeratu dute. 

Ana Zabalza Nafarroako hautaprobaren arduradunak azaldu duenez, azken urteetan azterketak euskaraz egin dituztenen kopurua egonkor mantendu bada ere, aurten 1.000 pertsonaren langa gainditu da.

Iaz bezala, aurten ere pandemiak eragindako osasun eta higiene neurri zorrotzak izango dira indarrean: maskara, segurtasun distantzia eta eskuen garbiketa. Gainera, gelak aireztatu eta garbituko dituzte.

Osasun arrazoiengatik azterketara aurkeztu ezin dutenek ezohiko deialdian parte hartu ahalko dute, baina ohiko deialdira aurkeztu balira bezala kontatuko zaie. Are gehiago, bigarren aukera bat izango dute irailaren 10etik aurrera. Gaur-gaurkoz, hiru pertsonak frogatu dute medikuaren ziurtagiriaren bidez azterketa egiteko ezintasuna.

Pandemia tarteko, aurten ere ikasleek erantzuteko aukera gehiago izango dituzte.

Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira ekainaren 10etik 14ra bitartean.

Gaur, asteazkena, Gaztelania eta Literaturako eta Historiako azterketak egingo dituzte. Arratsaldean, hizkuntzakoak egingo dituzte (Ingelesa, Frantsesa eta Alemaniera).

Ostegunean, beste ikasgai hauetako edukiak ebaluatuko dituzte: Euskara eta Literatura II (A eta D ereduak), Matematika II, Latina II eta Artearen Oinarriak II, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika, Biologia, Marrazketa Teknikoa II, Enpresaren Ekonomia eta Arte Eszenikoa.

Azken egunerako utzi dituzte Filosofiaren Historia, Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II, Kimika, Artearen Historia, Geologia, Geografia eta Diseinua.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak NUP albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024