Gizartea -
KORONABIRUSA
44 kasu berri atzeman dituzte Nafarroan, martxoaren 14tik izan den kopururik txikiena
Kasurik gehien Mutiloan agertu dira, bost, eta ondoren Iruñeko Mendillorri auzoan, hiru. Gainontzeko herrietan kasu bat edo bi bakarrik atzeman dira.
EITB MEDIA
Koronabirusaren pandemiak beheranzko joerarekin jarraitzen du Nafarroan, larunbat honetan 44 kasu positibo berri atzeman ostean (bezperan baino 13 gutxiago). Martxoaren 14tik diagnostikatu den covid-19 kopururik txikiena.
Atzo 1.168 proba egin zituzten (PCR eta antigeno testak), eta positibotasun tasa % 3,8koa izan zen, Nafarroako Gobernuaren behin-behineko datuen arabera.
Mutiloa da atzo positibo berri gehien agertu ziren herria (bost) eta ondoren, Iruñeko Mendillorri auzoa (hiru).
Astean zehar 49 kasu detektatu dira Foru Erkidegoan astelehenean ( % 2,3), 71 asteartean ( % 3), 60 asteazkenean ( % 2,6), 72 ostegunean ( % 3,6), 57 ostiralean ( % 2,7) eta 44 larunbatean.
Ospitaleetako okupazioari dagokionez, 80 pertsona zeuden covid-19agatik ospitaleratuta ostiralean (bezperan baino 10 gutxiago), eta horietako 17 ZIUn zeuden.
Txertaketa prozesuari dagokionez, 3.415 dosi jarri zituzten atzo. Orain arte, 363.293 txerto jarri dira, eta 126.548 pertsonak osatu dute pauta osoa.