Gizartea -
KORONABIRUSA
Nafarroak edukierak eta ordutegiak malgutuko ditu gaur zenbait sektoretan
Eremu publiko eta pribatuko bilerei dagokienez, gehienez zortzi pertsonakoak eta hiru bizikidetza-unitatekoak izatea gomendatzen da.
N. B. | EITB MEDIA
Gaur, ostirala, sartu da indarrean Nafarroako zenbait sektore eta jarduera ekonomiko eta sozialen irekiera, edukiera eta ordutegiak malgutzeko Osasun kontseilariaren foru agindua, egoera epidemiologikoaren hobekuntzari esker.
Foru aginduak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren bermea jaso du jada, eta, printzipioz, ekainaren 3ra arte egongo da indarrean, Santos Indurain Osasun kontseilariak prentsaurrekoan jakinarazi duenez.
Eremu publiko eta pribatuko bilerei dagokienez, gehienez zortzi pertsonakoak eta hiru bizikidetza-unitatekoak izatea gomendatu dute. Hemendik aurrera, beraz, muga hori gomendioa baino ez da izango.
Era berean, jardueren ordutegia, hala nola merkataritzakoa, akademietakoa, igerilekuetakoa edo liburutegietakoa, oro har, ordubete luzatuko da, 21:00etatik 22:00etara.
Bestalde, bingoak eta joko-aretoak % 30ean irekitzea aurreikusten du arauak, baita funtzio anitzeko aretoak ere. Beranduenez, 22:00etan itxi beharko dute. Era berean, foru aginduak elkarte gastronomikoen eta lagunarteen irekiera jasotzen du, edukiera-muga berarekin (% 30). Gurtzarako tokien edukiera % 50ekoa izango da, epaileek % 30era mugatzea baztertu eta gero.
Neurri horiei gehitu egingo zaizkie astelehen honetatik ostalaritzan indarrean dauden neurriak.
Halaber, beti mahaian kontsumitu beharko da. Terrazen edukiera % 100ekoa izango da, eta ixteko muga-ordua 01:00a, establezimendua husteko lanak barne; gainera, 24:00etatik aurrera ezingo da bezero berririk onartu.
Bestalde, foru agindu berriarekin, txikizkako merkataritzaren edukiera % 60ra arte handituko da, eta haurren parkeek ez dute okupazio-mugarik izango. Merkataritza-guneei dagokienez, % 40ra arte luzatuko da muga. Gida turistikoen jarduera garatzeko, taldeak gehienez 18 pertsonakoak izango dira, eta turismo aktiboan eta natura-irteeretan, berriz, gehienez 25 pertsonako taldeak baimenduko dituzte.