Gizartea -
KORONABIRUSA
Nafarroako tabernen barrualdea irekita dago gaurtik aurrera, muga batzuekin
% 30eko gehienezko edukiera izango dute eta 22:00ak arte kontsumitu ahalko da barrualdean, salbuespenak salbuespen. Ezingo da barran kontsumitu.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Nafarroako taberna eta jatetxeen barnealdea itxita egon da apirilaren 1etik, koronabirusaren pandemiari eusteko. Orain, adierazleak onera egiten ari diren honetan, Foru Erkidegoko Gobernuak murrizketak arintzea erabaki du, eta gaurtik aurrera ostalaritzako lokalek beren barrualdeak ireki ahal izango dituzte, baina hainbat mugekin.
Taberna eta jatetxeetako barrualdeak 22:00ak arte zabaldu ahalko dituzte. Barruan, gehienezko edukiera % 30ekoa izango da, salbuespenak salbuespen. Bi aukera dituzte ostalariek:
Arau orokor gisa, gehienezko edukiera % 30ekoa izango da, mahaien arteko distantzia bi metrokoa izanda, horien ertzetik neurtzen hasita. Bezeroek eserita kontsumitu beharko dute, gehienez ere lauko taldetan. Barran eskariak egin eta jaso ahalko dira. Salbuespen gisa, mahai bakoitzean sei lagun elkartu ahalko dira, pertsonen arteko segurtasun distantzia 70 zentimetrokoa denean.
Maskara nahitaezkoa izango da jateko edo edateko unean izan ezik. Ostalariak gehienezko edukiera zenbatekoa dioten informazio kartelak jarri beharko ditu. Gainera, aireztatze egokia izan beharko da eta, ahal izanez gero, naturala.
Bigarren aukera gisa ostalariek fitxa tekniko bat eta erantzukizunezko adierazpen bat bete beharko dute, oro har ostalaritzak bete behar dituen baldintzez gain espezifikoak diren beste batzuk beteko dituztela hitzemanez. Aukera honen aldeko hautua egiten dutenek baldintza ezberdinak izango dituzte, edukierari eta mahaien arteko distantziari dagokionez. Halaber, CO2 neurgailuak eduki beharko dituzte.
Kasu horretan, barrualdeko gehienezko edukiera mahaien araberakoa izango da, betiere distantzia eta segurtasun neurriak beteta. Barruko mahaiak aulkietatik bi metroko distantziara jarri beharko dira eta gehienez 6 pertsona eseri ahalko dira mahai bakoitzean, pertsonen artean 70 zentimetroko tartea errespetatuta.
Gainera, aukera horren aldeko apustua egiten dutenek trazabilitate-sistema bat martxan jarri beharko dute, positibo bat izatekotan bezeroekin azkar batean harremanetan jarri ahal izateko. Kasu honetan ere eserita kontsumitu beharko da; barran ez. Maskara ere derrigorrezkoa izango da kontsumitzeko unean izan ezik.
Ostalaritzako establezimenduetako terrazak, aldiz, 01:00ak arte egon ahal dira zabalik, baina gauerditik aurrera ezingo dute bezero berririk hartu.