Gizartea -

CORONAVIRUS

66 covid-19 kasu berri zenbatu dira Nafarroan, beheranzko joerari eutsiz

1.284 PCR proba eta test antigeno egin ziren atzo, eta positibotasun tasa % 5,1ekoa izan zen. Covid gaixorik ez zuten atzo ospitaleratu Nafarroan, baina 73 urteko gizon bat hil zen.

Emakume bat txertoa hartzen, Iruñeko osasun zentro batean. Argazkia: EFE.
Txertoa.
Emakume bat txertoa hartzen, Iruñeko osasun zentro batean. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oso poliki bada ere, covid-19aren kutsatze kopurua beheraka doa Nafarroan; atzo, larunbata, 66 koronabirus kasu berri zenbatu ziren, bezperan baino 6 gutxiago, Foru Gobernuko Osasun Sailak zabaldutako datuen arabera. Duela astebeteko (maiatzak 8) datuekin alderatuta, berriz, 32 kutsatze gutxiago erregistratu dira.

1.284 PCR proba eta test antigeno egin ziren atzo, eta positibotasun tasa % 5,1ekoa izan zen.

Zazpigarren egunez jarraian, 100eko langaren azpitik dago kutsatu kopuruaren zenbakia: astelehenean 75 (% 2,9) kasu zenbatu ziren, asteartean 66 (% 2,5), asteazkenean 92 (% 4,1), ostegunean 70 (% 3,6), ostiralean 75 (% 3,3) eta atzo 69.

Atzo positibo gehien atzemandako guneak Leitza (7 kasu) eta Corella (4) izan ziren.

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 106 gaixo zeuden ospitaleratuta larunbatean Foru Erkidegoko zentroetan (bezperan baino 5 gutxiago), horietatik 21 ZIUn.

Datu positibo gisa, covid gaixorik ez zuten atzo ospitaleratu Nafarroan, baina datu negatibo gisa, 73 urteko gizon bat hil zen. Orotara, 1.180 heriotza jaso dira koronabirusagatik, pandemia hasi zenetik, Nafarroan.

Eguneroko txertaketa prozesuari dagokionez, Nafarroan orain arte 330.445 txerto jarri dira, eta 105.900 pertsonak pauta osoa jaso dute, jada.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Zientzia Osasun albisteak Medikuak Altsasu Azkoien Erizaintza Sendagaiak Txertoak Barañain Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak Osasunbidea