Gizartea -

Zaldibarko zabortegia

Joaquin Beltran gogoratuta, ardurak argitzeko eskatu dute Zallako bizilagunek

Zaldibarko zabortegian bilaketa-lanak Beltranen gorpua topatu gabe amaitutzat eman ostean, mobilizazioak izan dira Zallan, Zaldibarren, Ermuan, Eibarren eta Elgetan.

Zallan egindako bilkura. Argazkia: EFE
Zallan egindako bilkura.
Zallako bizilagunek babesa agertu diote Joaquin Beltranen familiari

0:36

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

200 bat pertsona elkartu dira arratsalde honetan Zallan, Joaquin Beltran herrikidea gogoratzeko eta haren familiari babesa eta elkartasuna adierazteko. Eusko Jaurlaritzak gaur goizean jakinarazi du Beltran bilatzeko lanak bertan behera utzi dituztela Zaldibarko zabortegian.

Zaldibar Argitu plataformak deituta, 10 minutu bilkura isila egin dute Zallako Euskadi plazan. Azken hamabost hilabeteetan hainbat aldiz mobilizatu dira toki horretan Beltran bilatu zezatela eskatuz.

Zaldibar Argituko kideek Joaquin Beltranen gorpua ez topatzea "erabateko porrota" da, bai senitarteko eta laguntzentzat zein herritarrentzat. 

"Zabor-jausiak eragindako kalte sozial eta ekologikoaz harago, gaur giza tragediak hartu du protagonismoa. Inoiz zarratuko ez den zauria zabalik utzi dute", salatu dute. 

Euren aburuz, auzia ezin da itxi "dagozkion erantzukizun politikoak argitu gabe. Begi-bistakoak dira zabortegiaren jabeen eta ordezkari politiko batzuen loturak. Eusko Jaurlaritzak ez jarraitzea erabakitzen badu, une egokia da gertatutakoaren ondorioak bere gain hartzeko eta erantzukizunak argitzeko, behar diren dimisio eta kargugabetzeekin". 

Iker Leiva plataformaren bozeramileak komunikabideen aurrean esan du Eusko Jaurlaritzaren erabakia "kolpe gogorra" izan dela: "Herrian eragin handia izan du eta familia suntsituta egongo da".

Hasieratik familiaren ondoan egon direla eta gertatutakoa salatu dutela adierazi ondoren, familiak gorpua topatuko zutenaren itxaropena bazuela esan du, "baina albiste hau kolpe definitiboa izan da".

Mobilizazio gehiago Zaldibarren eta inguruko herrietan

Beltran bilatzeari utzi diotela salatzeko, manifestazioak Zaldibarren, Ermuan, Eibarren eta Elgetan ere izan dira arratsalde honetan.

Mobilizazioak  "Joaquin eta Alberto gogoan. Osasuna eta erantzukizunak" lelopean egin dituzte. Beltran oroitzeaz gain, haren familiari babesa agertu diote eta Eusko Jaurlaritzari ardurak argitu ditzala exijitu diote.

Zaldibarko zabortegia inguratzen duten herrietan mobilizazioak egin dituzte
Zaldibarko zabortegia inguratzen duten herrietan mobilizazioak egin dituzte
Zaldibarko zabortegia inguratzen duten herrietan mobilizazioak egin dituzte

0:56

 

Ekologistak Martxan eta Bizkaia Zero Zabor

Ekologistak Martxanek eta Bizkaia Zero Zaborrek elkartasuna adierazi diote Joaquin Beltranen familiari, eta "Eusko Jaurlaritzak izan zitzakeen erantzukizunak ez direla argitu" ohartarazi du.

Ohar batean, bi erakundeek deitoratu egin dute Eusko Jaurlaritzaren erabakia, izan ere, "urtebete eta lau hilabete igaro ostean, eta agian azken urteetan Euskadiko ingurumen eta gizarte hondamendi handiena izan ostean, ez da aldaketa esanguratsurik eman Eusko Jaurlaritzaren hondakinen kudeaketen politikan".

"Gaur egun ez dira argitu Exekutiboak berak izan zitzakeen erantzukizunak, eta Joaquinen gorpua bilatzeko lanak bertan behera utzi eta zabortegia zigilatu dutela iragarri ondoren, ikerketa hori itxita geratuko den beldur gara", gaineratu dute.

Era berean, "hondakinen sorrera murriztuko duen politika zehatz eta beharrezko bat lantzeke" dagoela uste dute, eta hondakinen kudeaketa "publikoa" izatea defendatu dute, "kontrol publikoarekin, nahikoa ikuskapen taldeekin eta ez negozio pribatu batekin". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak Manifestazioak Zalla Zaldibar Ingurumena Lur-jausiei buruzko albisteak Enkarterri gaur