Gizartea -
KORONABIRUSA
Nafarroak 70 covid-19 kasu berri atzeman ditu eta ez da hildakorik izan
Ospitale-okupazioari dagokionez, 118 gaixo zeuden atzo Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan. Azkoienen bederatzi kutsatu zenbatu dituzte azken orduetan, eta Mutiloan bost.
N. B. | EITB MEDIA
Atzo 71 kutsatu atzeman zituzten Nafarroan, 1.932 PCR eta antigeno proba eginda, eta positibotasun tasa % 3,6ra jaitsi da, "asko hobetu baita adierazle hori", Santos Indurain Osasun kontseilariaren hitzetan.
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, kopuru hori, ostegunekoa, asteazkenekoa baino txikiagoa da, 2.225 proba eginda 92 detektatu baitziren; beraz, positibotasun tasa % 4,1ekoa izan zen.
Ospitale-okupazioari dagokionez, 118 gaixo zeuden atzo Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino hiru gutxiago. Atzo koronabirusarekin lotutako zortzi ospitaleratze izan ziren, horietako bat ere ez zen zainketa intentsiboetako unitateetan izan, eta ez zen hildakorik izan. Nafarroan 1.180 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz.
Kutsatze berriei dagokienez, Iruñerrian kasu positiboen % 38 izan dira, Tuteran % 13 eta Lizarran % 1. Gainerako positiboak (% 48) Nafarroako beste zonalde batzuetan atzeman dituzte.
Azkoienen bederatzi kutsatu zenbatu dituzte azken orduetan, eta Mutiloan bost.
Erregistratutako kasu berrien adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, talde nagusiak 15 urtetik beherakoak (% 31) eta 45 eta 59 urte artekoak (% 25) dira. Ondoren, 30-44 urtekoen taldea (% 20) eta 15-29 urtekoen taldea (% 13) daude. Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldeak (% 10) eta 75 urtetik gorakoak (% 1) daude.
Positibo berrien batez besteko adina 32,9 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 54 emakumeak dira eta beste % 46 gizonak.
Eguneroko datuen arabera, birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 60.980koa da Nafarroan.
Txertaketari dagokionez, ostegunean 6.804 txerto jarri dituzte Nafarroan, eta guztira 323.783 dosi eman dituzte. Gainera, 103.797 pertsonak jaso dituzte txertoaren bi dosiak.
Bestalde, herri berriren baten perimetroa ixtea aztertzen ari diren galdetuta, kontseilariak gogorarazi du ostiral honetan Etxarri Aranazko konfinamendua kendu dutela, eta Lakuntzan "larunbatean amaituko da", horren esanetan.
Une honetan "ez dugu udalerri bat bera ere alerta gorrian", baina "behar diren udal-adierazleak monitorizatzen jarraitzen dugu, egunero zer trazadura egin behar den ikusteko", gaineratu du.