Gizartea -
KORONABIRUSA
Nafarroak 75 kutsatze atzeman ditu eta positibotasun tasa % 2,9ra jaitsi da
Bigarren egunez jarraian, 100etik behera kokatu dira positiboak, martxoko datuen mailan. Atzo, beste bost pertsona eraman zituzten ospitalera.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Astea 75 positibo atzemanda abiatu dute Nafarroan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Zehazki, atzokoan 2.556 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 1.240 gehiago) eta horietatik % 2,9 positibo izan ziren. Hori horrela, proba gehiago eginda, positibotasun tasak behera egin du nabarmen (% 4,6an zegoen).
Bezperan baino 15 kasu gehiago badira ere, duela astebeteko datuekin alderatuta, 47 kasu gutxiago dira, eta duela 14 egun baino 55 gutxiago.
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Azagra da denen buru, sei positiborekin. Azkoienen eta Iruñeko Arrosadian bosna kasu zenbatu dituzte. Azkenik, Caparroson, Etxarri Aranatzen eta Martzillan hiruna kutsatze izan dira.
Nafarroako ospitaleetan 135 paziente daude koronabirusak jota, igandean baino zazpi pertsona gutxiago. Atzo, beste bost lagun eraman zituzten ospitalera, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatera.
Adinari dagokionez, kutsatze gehienak (% 24) 30-44 eta 15-29 adin tarteetan detektatu dituzte; % 23, 15 urtetik beherakoen artean; % 15, 45 eta 59 urte bitartean; % 11, 60 eta 75 urte bitartean; eta % 3, 75 urtetik gorakoen artean. Positibo berrien batez besteko adina 34,3 urtekoa da.
Pandemia hasi zenetik 1.177 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz eta 60.752 positibo baieztatu dituzte.