Gizartea -
Pandemia garaiko datuak
EAEren pandemia garaiko hilkortasuna, Estatuko txikienetakoa
Espainiako Estatuan, heriotzak % 20,9 hazi dira batez beste pandemia garaian. EAEn eta Nafarroan, % 11,9koa eta % 15,6koa da portzentajea.
EITB MEDIA
Heriotzak % 11,9 hazi dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) pandemiaren lehen urte honetan, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) emandako datuak oinarri Eusko Jaurlaritzak egindako konparaziozko txosten baten arabera.
Dokumentuak "covid garaian" izandako heriotzak jaso ditu, alegia, 2020ko martxoaren 9tik 2021eko apirilaren 11ra (57 aste, guztira). Hala, 12 hilabete pasatxo horietan, 550.815 pertsona hil dira Espainiako Estatuan; EAEn, 26.249. Aurreko urteko epe berean baino 95.115 gehiago izan dira Estatuan (% 20,9 gehiago) eta 2.800 gehiago Euskadin (% 11,9).
Txostenean beste erkidego batzuetako datuak jaso ditu Jaurlaritzak. Igoera "oso handia" (% 25etik gorakoa) izan duten erkidegoei dagokienez, Madril (% 41,2) eta Katalunia (% 29,4) aipatu behar dira. Nafarroa "erdian" kokatu da, % 15,6ko hazkundearekin. EAE, Kantabriarekin (% 3,7) eta Kanariekin batera (% 2,8), % 15etik beherako igoerak izan dituzten erkidegoen artean dago.
Txostenaren arabera, "pentsa liteke covid-19a Euskaditik sartu zenez, zehazki Arabatik, covid garaian heriotzen igoera handiena izango lukeen erkidegoen artean egongo litzatekeela, baina igoera apala izanda, esan daiteke hartutako neurriak egokiak izan direla, murrizketen betetze maila zabala izan dela herritarren aldetik, eta osasun zerbitzuaren eta oinarrizko zerbitzuen erantzuna eraginkorragoa izan dela".
Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu du EAEn hilkortasunaren hazkundea Estatuaren erdia izan dela, eta, horregatik, deitoratu du bere aburuz Euskadi pairatzen ari den "estigmatizazio".