Gizartea -

Koronabirusa

Neurri murriztaileak alarma-egoera amaitu arte egongo dira indarrean Nafarroan

Nafarroako Gobernuak ohartarazi du pandemiaren eragina eta ospitaleetako egoera larria dela. Beste luzapenik ez badago, alarma-egoera maiatzaren 9an amaituko da.  

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren ondorioz osasun-egoera larria dela kontuan hartuta, egungo neurri murriztaileak alarma-egoera amaitu arte, hots, maiatzaren 9a arte, luzatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak.

Itxiera perimetrala, etxeratze-agindua edota ostalaritzari lotutako prebentzio-neurriak maiatzaren 9ra arte luzatzeko dekretua aste honetan eguneratuko dute.

Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, azken astean kutsatzeek % 21 behera egin badute ere, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 408 kasukoa da. Beraz, arrisku-maila altuan -250 kasutik gora- dago.

Gainera, ospitaleetan presioak handia izaten jarraitzen du: 210 paziente daude ingresatuta, horietako 42 zainketa intentsiboetako unitateetan.

Indarrean dauden neurriak

Gauzak horrela, maiatzaren 9a arte itxita egongo dira tabernen eta jatetxeen barrualdeak, baita jokorako establezimenduetakoak ere.

Saltoki handietan, gehienezko edukiera % 30ekoa da, eta denda txikietan, % 50ekoa. Familia edo lagunarteko ospakizunak galarazita daude janaria edota edaria tartean badaude.

Horrez gain, itxiera perimetrala eta etxeratze-agindua (23:00-06:00) indarrean daude.

Halaber, taldean bildu daitekeen pertsona-kopurua mugatuta dago: seikoa da eremu publiko irekietan, eta laukoa, eremu publiko itxietan. Eremu pribatuan, berriz, bizikidetza-unitate bereko pertsonak soilik elkartu daitezke.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Nafarroako Ospitale Gunea María Chivite Koronabirusa Anbulatorioak Osasunbidea