Gizartea -

KORONABIRUSA

Urkulluk baztertu egin du oraingoz murrizketak zorroztea

Teknikoek egungo neurriei eustea aholkatu dute, eta, beraz, LABI politikoa ez da hurrengo egunetan bilduko.

LABI teknikoaren azken aurreko bilera. Argazkia: EFE.
LABI teknikoaren azken aurreko bilera
Teknikarien aholkuei jarraiki, egungo neurriei eustea erabaki du lehendakariak

1:20

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak baztertu egin du Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea datozen egunetan deitzea, organo horri aholkua ematen dion batzorde teknikoak birusaren hedapenari eusteko neurri murriztaileagoak hartu behar ez direla uste baitu.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzako iturriek baieztatu dutenez, erakunde horrek ez du bilerarik egingo. Martxoaren 26an, Aste Santua hasi baino lehen, izan zen azkena.

Goizean bertan, lehendakaria kezkatuta agertu da pandemiaren bilakaerarekin; izan ere, Osasun Sailak azken orduetan zabaldutako datuen arabera, 940 positibo berri utzi ditu pandemiak Euskadin.

Irizpen teknikoaren arabera, azken egunetako datuen bilakaeraren arabera, Euskadik transmisio altua du, eta 4. mailan dago, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuari dagokionez. Bestalde, zainketa intentsiboetako unitateetako oheen okupazioa 3. agertokian dago, eta hurrengo asteetarako igoera aurreikusten dute.

"Ezin da, eta une honetan ez da inolako erlaxaziorik planteatu behar"

Batzorde teknikoaren arabera, birusaren aldaera britainiarraren erabateko prebalentzia baieztatu egin da azken hilabetean, eta Hegoafrikako eta Brasilgo aldaeren kasu positiboak atzeman dituzte. Hori dela eta, "birusaren aldaera berriek dakartzaten arriskuak zaintzeko eta geldiarazteko beharra" azpimarratu dute.

Aldi berean, txertaketa, "kontingentziak gorabehera, aurreikuspen hobearekin egiten ari da aurrera bigarren hiruhileko honetan", esan dute. Ildo horretan, une honetan, pertsona zaurgarrien talde askok eta 80 urtetik gorako ia pertsona guztiek txertoa jarrita dutela azaldu dute, gutxienez lehenengo dosia; aldi berean, txertaketak aurrera jarraitzen du 60 eta 79 urte bitarteko taldeekin eta funtsezko beste kolektibo batzuekin.

Horrenbestez, egoera "larria eta kezkagarria" dela adierazi dute. "Ezin da, eta une honetan ez da inolako erlaxaziorik planteatu behar, egoerak prebentzio-neurri guztiak zorrotz betetzea eskatzen duelako", gaineratu dute.

Zentzu horretan, balorazio hori hainbat faktoreren araberakoa dela eta une honetan indarrean dauden neurri murriztaileak "oso zorrotzak" direla gaineratu dute. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenek edo alarma egoera amaitzeak beste neurri batzuk hartzeko gaitasuna mugatzen dutela uste dute.

Era berean, egungo egoera aztertzerakoan, Aste Santua faktore gehigarri bat dela uste dute, eta, bereziki, Kopako finalaren eragin negatiboa aipatu dute; izan ere, jende-pilaketak izan ziren eta elkarrekin bizi ez diren pertsona-taldeak etxeetan eta espazio pribatuetan bildu ziren.

Hala, martxoaren 10ean hasitako goranzko joerak 36 egunez dirau, azaldu dutenez. Aurreko bi faseei dagokienez, bata, urria eta azaroa bitartekoa, 40 egunez luzatu zen, eta, bestea, urtarrila eta otsaila bitartekoa, 35 egunez. Testuinguru horretan, eta datozen asteei begira, "beharrezkoa da bi hipotesirekin lan egitea: lehena, patroia errepikatzeko aukera eta datu okerrenak hurrengo egunetan izatea; bigarrena, eredu hori hausteko eta goranzko fasea luzatzeko aukera".

Gomendioak

Batzorde teknikoaren ustez, une eta testuinguru honetan, "ez da egokia epe laburrean indarrean dagoen dekretuan aldaketarik egitea". Hori dela eta, "egungo neurriak mantentzea, komunikazioa intentsitatez igotzea eta neurriak betetzearen garrantzia azpimarratzea" eskatu du.

"Aurrekarien arabera, une honetan, bereziki garrantzitsua da larunbat honetan jokatuko den Kopako finalaren aurrean tentuz jokatzea, hau da, prebentzio-neurri guztiak betetzea eta jendea biltzera bultzatzen duten ospakizunak saihestea", azaldu dute.

Ondorioz, batzorde teknikoak uste du une honetan eta, gutxienez, hurrengo hamar egunetan adierazle guztiak monitorizatzen jarraitu behar dela, egungo goranzko joeraren irismena eta gaur egun indarrean dauden neurrien eragina baloratzeko.

Horrez gain, batzorde teknikoak gomendatzen du Bizi Berri planaren eguneraketa aztertzea eta maiatzaren 9a baino lehen prest izatea, "alarma egoeraren balizko amaierak planteatzen duen ziurgabetasun juridikoa dela eta, ikuspuntu epidemiologikotik estrategikoak diren neurriak mantentzeko, hala nola gaueko mugikortasuna mugatzea, pertsona-taldeak mugatzea edo itxiera perimetralak ezartzea". Horregatik, batzorde tekniko horrek Bizi Berri plana apirilaren amaierarako eguneratzeko proposamena prestatuko du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Alarma egoera