Gizartea -
Koronabirusa
Txertoei esker 50 heriotza ekidin dira Nafarroan
Txertaketa kanpaina abenduaren 27an abiatu zen. Harrezkero, 167.662 dosi jarri dituzte eta 50.517 pertsona daude immunizatuta.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina joan den abenduaren 27an abiarazi zuten Nafarroan. Harrezkero, eta apirilaren 11 bitartean, 50 heriotza, 700 kutsatze sintomatiko eta 200 ospitaleratze saihestu direla jakinarazi du gaur Nafarroako Gobernuak.
Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu duenez, atzo 6.018 txerto jarri ziren, inoizko zifrarik altuena. Oraingoz, 196.705 dosi jaso dituzte eta horietatik 167.662 jarri dira.
16 urtetik gorako herritarren artean, 50.517 pertsona daude immunizatuta (% 8,8) eta 66.518k lehen dosia jaso dute.
Indurainek esan du txertoen horniketan Pfizer-BioNTech dela berme gehien eskaintzen ari den konpainia eta Janssenen txertoari buruz osasun agentziek erabakiko dutenaren zain daudela. Nafarroak 2.050 dosi jasoko ditu.
Edonola ere, lasaitasunerako deia egin du, Gobernuak zer egin behar duen argi duela eta aurreikuspen errealistak egin dituela ziurtatuta.
AstraZenecaren txertoari dagokionez ere lasaitasunerako mezua zabaldu nahi izan du, bigarren dosia ematekoa epea luzeagoa dela azpimarratuta. Une honetan 50.000 lagun daude txerto hori jartzeko deiaren zain Nafarroan.