Gizartea -
Koronabirusa
EAEko 137.500 herritar baino gehiago daude immunizatuta, bigarren dosia jaso ostean
80 eta 89 urte arteko pertsonen % 93,8k jaso dute lehenengo dosia, eta % 31,9k bete dute txertaketa prozesu osoa.
agentziak | eitb media
EAEn covid-19aren aurkako 547.108 txerto eman dituzte gaur arte, eta horietako 137.572 bigarren dosiari dagozkio, hau da, txertaketa amaitu dute asteburuan 6.166 pertsonek.
Osasun Sailak gaur eguneratu duen txertaketari buruzko txostenean agertzen denez, Pfizer/Biontechen 372.287 dosi eman dituzte gaur arte (131.312 bigarren dosiak), 26.621 Modernarenak (6.260 bigarren dosiarenak) eta 148.200 AstraZenecarenak.
Zentro soziosanitarioetako egoiliar eta profesional guztiek jaso dute bigarren dosia, eta portzentaje hori % 95,1koa da Osakidetzako profesionalen kasuan. Osasun pribatuan, berriz, % 56,5era jaisten da portzentajea, eta % 88,7an dago osasun garraioko langileen kasuan.
Bestalde, 55 urtetik beherako ertzain guztiek jaso dute txertoaren lehenengo dosia, zerbitzu soziosanitarioetako adin horretakoek bezalaxe, eta unibertsitatetik kanpoko hezkuntzako profesional guztien moduan (55 urtetik behera).
Adinekoei dagokienez, lehenengo dosia jaso dute 90etik gorako pertsona guztiek, eta 80 eta 89 urte arteko % 93,8k.
Bigarren dosia eman diete 90 urtetik gorako 10etik 9ri, eta 80 urtetik 89ra arteko 10etik 3ri.
Eusko Jaurlaritzak 587.200 txerto jaso ditu gaur arte: Pfizerrenak dira 386.100, Modernarenak 52.900, eta AstraZenecarenak 148.200. Bigarren dosirako gordetako txerto kopurua 31.908koa da Pfizerren kasuan, eta 23.723koa Modernarenean. Apirilaren 7tik 13rako aurreikuspenen arabera, Pfizerren 57.146 eta Modernaren 10.388 dosi emango dituzte denbora tarte horretan, 67.534.