Gizartea -
KORONABIRUSA
Gaur elkartuko da LABIren Batzorde Teknikoa
Aste Santuaren osteko egoera epidemiologikoa aztertuko dute, lehendakaria buru dela. Urkulluk baztertu egin du neurriak lasaitzeko aukera.
N. B. | EITB MEDIA
LABIren (Euskadiko Babes Zibileko Plana) Batzorde Teknikoa bilduko da gaur, Aste Santuaren osteko egoera epidemiologikoa aztertzeko. Lehendakariak atzo aurreratu zuenez, ezin izango dira inolaz ere egungo neurriak lasaitu, eta herritar guztiek indarrean daudenak beteko balituzte egungoak baino murrizketa gehiago ez liratekeela egon behar esan zuen.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Urkulluk gogorarazi zuen gaurko deitu duela LABIren Batzorde Teknikoa, Aste Santuko datuak aztertu ostean adituen iritziak entzuteko. Hori oinarri hartuta, Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea deituko du gero, eta hark erabakiko du hartu beharreko neurriak zeintzuk diren.
"Euskadin neurri dinamika jarraitu bat dugu, nahiko zorrotzak izateko erabateko konpromisoarekin, baina mantendu egin behar dira, osasun publikoa, norberaren osasuna eta osasun kolektiboa zaintzearen eta gizartearen osasun ekonomikoaren eta osasun emozionalaren arteko oreka gordetzen saiatuz", gaineratu zuen.
Urkulluren hitzetan, indarrean dauden neurriek, betetzen badira, "nahikoak izan beharko lukete". "Agian aurreikusi behar dugu zer suposatzen duen alarma-egoeraren amaierak, eta, horren aurrean, nola jokatu behar dugun Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren auto bidez ezartzen zaizkigun eskumenen eta mugen arabera", gehitu zuen.
Lehendakariak berretsi zuen herritar guztiek indarrean dauden neurriak beteko balituzte ez litzatekeela murrizketa gehiagorik beharko, baina "ikusi beharko da epidemiaren bilakaera zein den, pandemiak luzaroan jarraituko baitu", eta "txertoen fluxuaren" itxaropena badagoela azpimarratu zuen. Nolanahi ere, neurriak ez dira "inolaz ere" leunduko.