Gizartea -

Koronabirusa

Santos Indurainek "pozik" hartu du AstraZenecaren lehen dosia

"Onurak arriskuak baino askoz gehiago dira", nabarmendu du. Era berean, Enrique Maya Iruñeko alkateak AstraZenecaren lehen dosia jaso du Maristak ikastetxe zaharrean.

Nafarroako Osasun kontseilariak AstraZenecaren lehen dosia hartu du. Argazkia: EFE
Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak AstraZenecaren lehen dosia "pozik" hartu du.
Nafarroako Osasun kontseilariak AstraZenecaren lehen dosia hartu du. Argazkia: EFE

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

61 urteko Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak AstraZenecaren lehen dosia "pozik" hartu du larunbat honetan. Konfiantza azaldu nahi izan du kontseilariak: "irudi batek mila hitz baino gehiago balio du".

Indurain Maristak ikastetxe zaharrera hurbildu da, bere adin tartea (60 urtez gorakoak) txertatzen hasi diren aurreneko egunean. Horrela, AstraZenecaren inguruko polemika alde batera utzi nahi izan du agintariak, Espainiak 60-69 adin tartea marka horrekin txertatzea erabaki ondoren. Era berean, Enrique Maya Iruñeko alkateak AstraZenecaren lehen dosia jaso du.

Txertoa hartu ondoren, dispositiboa osatzen duten profesionalen arreta goraipatu du Indurainek. Larunbatetik igandera 6.200 pertsona baino gehiagori txertoa jarri behar diete.

"Gizarte osoak bizi duen pandemia gogorrean pozteko arrazoia da gaurkoa. Txertoa jaso duten pertsonengan ikusi dut. Gaixotasuna prebenitzeko justifikaturik dago, baina batez ere arazo larriak, ospitaleratzeak eta heriotzak saihesteko, dagoeneko txertoa jaso duten taldeetan egiaztatzen ari garen bezala", nabarmendu du.

"Aldaketengatik mesfidantza uler dezaket"

AstraZenecaren txertoarekin herritarrek izan ditzaketen erreparoen inguruan galdetuta, kontseilariak esan du: "izan diren aldaketengatik mesfidantza hori uler dezaket, baina orain gure papera komunikatzea, ondo azaltzea eta aldaketen zergatia argi uztea dela uste dut. Sendagaien zaintzarako sistema ona dugula azaldu behar dugu".

Edonola ere, "arrisku-onura ondo" azaldu behar dute arduradunek, "oso argia delako: onurak arriskuak baino gehiago dira, askoz gehiago, txertoa jasotzen ari garen adin tarteetan. Hori helarazi behar diogu biztanleriari, ulergarria delako".

Horrela, gaixotasuna igarotzearen arriskuak eta arazoak, eta txertoaren arriskuak alderatu nahi izan ditu. Eritasuna "arazo larriak sortzen ari da, hala nola, ospitaleratzeak eta ZIUa", gogorarazi du, baita heriotzak ere. Beraz, "zergatiak eta onurak-arriskuak azaldu behar dira, eta gero herritar bakoitzak erabaki dezala", erantsi duenez.

Bigarren dosia

Bestalde, AstraZenecaren lehen dosia jaso, baina markarekin txertatzeko parametroak orain betetzen ez dituzten nafarrengatik galdetuta, bi dosien artean ia hiru hilabete igaro behar direnez, irtenbidea erabakitzeko "premiarik ez" dagoela ohartarazi du Indurainek. Aukerak hiru dira: bigarren dosia marka berdinarekin edo beste marka batekin eman, ala bigarren dosia jaso gabe geratu.

"Erabaki garrantzitsu horiek presarik gabe hartu behar dira. Martxan diren probak eta azterketak kontuan hartu barik erabakitzeko premiarik ez dugu", adierazi du kontseilariak. "Erabaki bateratua, beste herrialde batzuekin batera, adituekin adostua" hartzearen alde agertu da. "Bigarren dosiaren zain dauden profesionalei hori esango diegu", azpimarratu du, batez ere irakasleei eta Nafarroako poliziei.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak Osasunbidea