Gizartea -

KORONABIRUSA

Euskadiko biztanleen txertaketa bizkortuko da, lau gune berrirekin

Durangon, Barakaldon, Gasteizen eta Irunen daude horretarako prestatutako gune berriak. Orain arte, 113.953 euskal herritar immunizatu dira bi dosirekin eta 282.115 lehenengoarekin.

Gasteizko Lakua frontoia. Irudia: EFE
Gasteizko Lakua frontoia
Abian da txertaketa masiboa Barakaldoko BECen eta Gasteizko Lakuako pilotalekuan

1:20

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetatik aurrera, txertaketa bizkortu egingo da Euskadin, horretarako prestatutako lau gune berrirekin Durangon eta Barakaldon (Bizkaia), Gasteizen eta Irunen (Gipuzkoa). Horietan 61 eta 65 urte bitarteko pertsonei AstraZenecaren 52.298 dosi jartzea ahalbidetuko da.

Arabak bere hiriburuko Lakua pilotalekuan garatuko du txertaketa prozesua, eta gaurtik astelehenera 6.200 txerto inguru ematea aurreikusi du, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.

Bizkaian, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokaren instalazioak irekiko dituzte larunbatetik aurrera, egunean 5.000 dosi banatzeko gaitasunarekin.

09:30ean hasi da Ezkerraldeko, Enkarterriko, Eskuinaldeko eta Uribe Kostako 65 urtetik beherakoen txertaketa, horretarako hitzordua jaso ondoren.

BECek Bizkaian jada aktibo dagoen beste esparru handi batekin bat egiten du, Bilboko Casilla plazarekin. Bertan AstraZenecaren txertoa ematen jarraitzen dute 65 urtetik beherakoei.

Martxoaren 31n txertaketa martxan jarri zen instalazio horretan, 10 box egongo dira martxan, eta 2.760 dosi jarriko dituzte. Datozen egunetan prozesuak aurrera jarraituko du, eta egunean gehienez 3.400 txerto jarriko dituzte, Osakidetzako iturrien arabera.

Gainera, larunbat honetan, bihar eta astelehenean, 61 eta 65 urte bitarteko 2.000 pertsonari txertoa jartzea espero dute Durangoko Landako Gunean, Barrualde-Galdakao erakunde sanitario integratuan (ESI) gaitutako bost puntuetako batean (Basaurin, Gernikan, Galdakaon eta Laudion, aipatutako zentroaz gain).

Irunen (Gipuzkoa), Udalak Artaleku kiroldegiko instalazioak utzi ditu gaurtik aurrera txertaketa-zentro gisa, dagoeneko martxan dagoen Illunbe donostiarrarekin batera. Pabilioiak kantxa nagusiaren goialdea atondu du Irunen eta Hondarribian bizi diren Bidasoako ESIko bizilagunei txertoak emateko.

Osakidetzak ohar batean azaldu duenez, atzo jasotako Astrazenekaren dosi guztiak (52.298) larunbat honetatik astelehenera bitartean jarriko dituzte, herritarrek hitzordua hartzeko emandako "erantzun azkarrari" esker.

Orain arte, 113.953 euskal herritar txertatu dira bi dosirekin eta 282.115ek jaso dute lehenengoa. EAEra 469.000 txerto iritsi dira, eta horietatik Pfizerren 10.800 eta Modernak 2.950 bigarren txertoa ziurtatzeko gordeko dira.

100 urtetik gorakoen % 92,1ek bi dosiak jaso dituzte, % 83k 90etik gorakoen kasuan eta % 34,3ek 80tik gorakoenean. Talde horretan, % 70,7ari dosi bakarra eman zaio.

80 urtetik gorako pertsonen hitzordua telefono bidez egiten da, Osakidetzak deitu eta txertoa hartzeko ordua eta lekua finkatzen baititu.

65 urte edo gutxiagoko pertsonen kasuan (1956tik 1959ko ekainera bitartean jaiotakoak), hitzordua SMS bat bidaliz egiten da, txertaketarako tokia eta ordua ematen dituen esteka batekin.

Adin-tarte horretako herritarrek, SMSrik jaso ez badute, Osakidetzaren webgunearen bidez eska dezakete hitzordua. "Web hitzordua" zabalik egongo da, txertoak baldin badaude.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa