Gizartea -
KORONABIRUSA
Positiboek apur bat behera egin dute Nafarroan, baina 150eko langatik gora daude
Zehazki, 154 atzeman dituzte. Duela astebete baino 51 gutxiago dira, duela 15 egun baino 31 gehiago.
E. G. | EITB MEDIA
Nafarroak 154 kasu atzeman dituzte azken orduetan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Zehatz jarrita, atzokoan 1.852 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 1.655 gutxiago) eta horietatik % 8,3 positibo izan ziren. Positibotasun tasa hiru puntu baino gehiago igo da.
Bezperako datuekin alderatuta, apur bat behera egin dute positiboek (-12), baina jaitsiera hori nabarmenagoa da duela astebetekoekin erkatzen baditugu (-51). Dena dela, duela 15 egun baino 31 gehiago dira.
Kasu gehien pilatzen dituzten gune edo udalerriei dagokienez, denen buru dira Tutera Ekialdea eta Burlata, 12na kutsatzerekin, ondoren dator Iruñeko II. Zabalgunea, zazpi positiborekin.
Nafarroako Gobernuko Osasun Kontseilaritza baheketa egiten ari da gaur Arguedasen eta Urdiainen, bi udalerrietan birusak izan duen igoera kezkagarria dela eta.
Arguedasen 15-29 eta 45-64 urte bitarteko herritarrei egin diete parte hartzeko deia. Probak Miguel Indurain polikiroldegian egingo dituzte.
Urdainen, 15 urtetik gorako herritarrak daude deituta Etxarri Aranatzen frontoian egingo den baheketara.
Bestalde, asteazkenean Lodosan egindako baheketan lau positibo atzeman dituzte. Ia mila bat lagunek (945) hartu zuten parte, hots, deituta zeudenen % 90.