Gizartea -
Koronabirusa
Bihar sartuko da indarrean 'normaltasun berriaren legea'
Astearte honetan argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean segurtasun tartea zainduta ere eremu publikoan musukoa erabiltzera derrigortzen duen araua.
agentziak | eitb media
Estatuko Aldizkari Ofizialak covid-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurrien Lege Proiektua argitaratu du gaur, 'normaltasun berriaren legea' deiturikoa, martxoaren 18an Espainiako Diputatuen Kongresuak onartutakoa.
Bihartik pandemia amaitu arte indarrean egongo diren neurrien artean dago musukoaren derrigorrezko erabilera, sei urtetik gorako pertsonentzat eta eremu publikoan, aire zabaleko tokietan eta publikoarentzat irekitako lekuetan, baita 1,5 metroko segurtasun distantzia errespetatzeko aukera egonda ere.
Dena dela, musukorik ez dute eraman beharko horren erabilerarekin gaixotasunen bat larritzeko aukera dagoenean, edo mendekotasun edo ezgaitasun batengatik musukoa kentzeko gai ez direnen kasuan.
"Aire libreko banakako kirol jardueran ere ez da derrigorrezkoa izango", ezta kirol jarduera musukoaren erabilerarekin bateraezina denean eta osasun agintariek hala diotenean ere.
Covid-19ak eragindako osasun-krisia kudeatzeko funtsezkotzat jotzen diren sendagaiak merkaturatzeko baimenen ekoizleei dagokienez, dokumentuak jasotzen du Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren Zuzendaritzari jakinarazi beharko diotela eskuragarri dagoen stocka, azken astean emandako kopurua eta horien sortak askatu eta jasotzeko aurreikuspena, aurreikusitako datak eta kopuruak barne.