Gizartea -

Koronabirusa

Osakidetzak AstraZenecaren txertoa emateko hitzordua eman die jada 6.000 pertsonari

Sagarduik ohartarazi duenez, atzo prestakin horren 4.900 dosi jaso zituzten, aurreko bidalketetan baino "askoz gutxiago".

Hainbat pertsona Illunben, txertoa hartzeko zain. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Hainbat pertsona Illunben, txertoa hartzeko zain.
AstraZenecaren txertaketa martxan da berriz ere EAEn

1:47

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren kontra AstraZenecaren txertoa jartzen hasi da berriro Osakidetza, eta dagoeneko 5.900 hitzordu baino gehiago eman ditu datozen egunetarako. Europako Sendagaiek Agentziak "txerto seguru eta eraginkorra" zela ebatzi ostean berrekin zaio txertaketari.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Legebiltzarreko batzordean egin ohi duen asteroko agerraldian azaldu duenez, goizean ia 6.000 zita eman ditu Euskadiko Osasun Zerbitzuak, eta igandera arte 27.000 dosi ematea aurreikusi du. Aurreko astean hitzordua zuten eta etenaldiagatik ezeztatua izan zitzaien unibertsitatez kanpoko hezkuntzako langileek jasoko dute.

Bestalde, datorren astetik aurrera 65 urte beherakoak ere immunizatzen hasiko dira AstraZenecarekin, funtsezko langileen txertaketa horrekin batera.

Dena dela, bi prozesuak heltzen diren dosien araberakoak izango direla azpimarratu du Sagarduik. Izan ere, ohartarazi du atzo prestakin horren 4.900 dosi jaso zituztela, aurreko bidalketetan baino "askoz gutxiago". "Txertatzeko erritmoak ezin du jarraitua izan hornidura jarraitua ez bada", erantsi du.

Oxford Unibertsitateak eta Suitzako farmazia enpresak sortutako txertoaren harira "nahasdura" ez sortzeko deia egin du, eta azaldu du gertatuko dela pertsona nagusiak babestu gabe egotea eta aldi berean, gazteago batzuk immunizatzen ibiltzea. "Txerto bakoitzaren arabera egiten ari gara. Adineko pertsonentzat Pfizerrena dugu, eta AstraZenecako dosiak eduki arren, ezin dizkiegu eman", gaineratu du.

Txertaketan izandako gorabeherak hizpide, aitortu du balitekeela "akatsen bat" egin izana adinekoen taldea handia delako, baina argi utzi du Osakidetza "hitzorduak ematen" ari dela.

Are, gerta liteke "lekuren batean" 90 urte baino gutxiagoko pertsonaren bat txertatu izana, eta beste batean adin hortik gorakoak immunizatu gabe egotea.

Sagarduik emandako datuen arabera, gaur gaurkoz 90 urtekoen % 99,5 txertatu dituzte lehen dosiarekin, eta 80 urtekoen % 45,2. Osakidetzako profesionalen artean, % 100ak lehen dosia jaso dute, eta % 86k bi dosiak. Osasun pribatuan, lehen txertoa hartu dutenen portzentaia % 80koa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak