Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroan atzo atzemandako 45 kasuek beherakada egonkortuta dagoela erakusten dute
%4,2koa izan zen positibitate tasa. Foru Erkidegoak 19 egun daramatza egunean 100 kasutik behera diagnostikatzen, asko eta askotan 60tik behera.
EITB MEDIA
Nafarroako Foru Gobernuak emandako datuen arabera, 45 positibo zenbatu zituzten atzo, bezperan bezala. Hala, 19 egun daramatzate jada egunero 100 kasutik behera atzematen, 60tik behera asko eta askotan.
Zehazki, 1.084 proba diagnostiko egin zituzten atzo (794 PCR eta 286 antigeno probak), eta horietatik % 4,2k positibo eman zuten.
Astelehenean 57 kasu atzeman zituzten (% 3,1), 63 asteartean (% 2,65), 82 asteazkenean (% 2,6), 50 ostegunean (% 3,18), 45 ostiralean (% 2,5) eta 45 larunbatean.
Ospitaleetako egoera ere hobetzen ari da: 86 pertsona zeuden ospitaleratuta larunbatean (bezperan baino 3 gutxiago), horietatik 19 ZIUn, eta inor ez da hil covidagatik, gainera.
Txertaketa-prozesuak, bestalde, aurrera egiten jarraitzen du, eta datorren astean 80 urtetik gorakoengana iritsiko da, 90 urte edo gehiago dituztenengandik hasita. Iruñea, Lizarra eta Tuterako eremuetatik, telefonoz deitzen ari zaizkie jada txertoa hartzea egokitzen zaien adinekoei.
Asteburu honetan ere txertaketekin jarraitzen dute Refenan, eta hainbat oinarrizko zerbitzutako 2.800 profesional baino gehiago deitu dituzte.
Egoera epidemiologikoa hobetzeak murrizketa batzuen malgutzea ekarri du Nafarroan. Hala, ostalaritzaren barrualdea irekita dago ostiraletik, % 30eko gehienezko edukierarekin, eta bi bizikidetza unitate elkartu ahal dira eremu pribatuan.