Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroak gorakada nabarmena izan du positibo kopuruan, 82 zenbatzeraino
Hilaren 13ra arte egin behar da atzera kopuru handiago bat topatzeko. Dena dela, positibotasun tasak behera egin du, % 2,6an kokatu baita.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Nafarroan 82 positibo gehiago detektatu zituzten atzo, baina ez zen heriotzarik izan eta positibotasun-tasa % 2,6ra jaitsi da. Guztira 3.132 proba egin zituzten.
Bezperan baino 19 kasu gehiago dira, eta kezka gehien eragin ahal duena, duela astebete baino lau gehiago. Dena dela, duela bi asteko datuekin alderatuta, 16 positibo gutxiago dira.
Pandemia hasi zenetik 1.095 pertsona hil dira covid-19aren ondorioz eta 51.037 lagun kutsatu dira.
Kasu gehien Iruñerrian antzeman dituzte: %53. Zerrendan bigarren tokian ageri dira Tutera eta inguruko udalerriak (%11). Lizarraldean, berriz, ez da positiborik izan.
Adinari dagokionez, kutsatze gehienak 15 urtetik beherakoen artean (% 36) eta 45-59 adin tartean (%23) eman dira. Positibo berrien batez besteko adina 30,7 urtekoa da.
Osasunbideak jakinarazi duenez, 111 pertsona daude ospitalean ingresatuta covid-19aren ondorioz (atzo baino sei gutxiago), eta horietako 20 zainketa intentsiboetako unitatean daude (atzo baino bat gutxiago). Halaber, 22 lagun etxean daude ospitaleratuta.
Txertaketa kanpainari dagokionez, atzo 2.923 dosi jarri zituzten. Nafarroako Gobernuak 67.825 dosi jaso ditu guztira, eta horietatik 57.639 ipini dituzte.
Datuek hobera egin dutela ikusita, koronabirusaren hedatzea geldiarazten saiatzeko hainbat neurri malgutzea erabaki zuen Foru Gobernuak joan den astean. Hala, bihartik aurrera ostalaritzako barrualdea zabalduko dute eta sei pertsona bildu ahalko dira.