Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroan kurbaren egonkortzea baieztatu dute 57 kasu zenbatu baitituzte

Positibotasun tasa % 5eko langaren azpitik kokatu da berriro: proben % 3 izan ziren atzo positibo. 119 paziente daude ospitalean. 20.625 nafarrek jaso dituzte txertoaren bi dosiak.

Jendea, kalean, maskararekin. Argazkia: EFE
Jendea, kalean, maskararekin.
Jendea, kalean, maskararekin. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den igandean bezala, astelehenean ere 57 kasu detektatu zituzten Nafarroan, baina positiboen tasa % 5,2tik % 3,4ra jaitsi da eta azken egunetan ez da heriotzarik izan, Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak jakinarazi duenez.

Guztira, 1.856 proba egin zituzten (859 PCR eta 997 antigeno test) eta bi pertsona ospitalera eraman zituzten, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatera.

Pandemia hasi zenetik, 1.094 pertsona hil dira koronabirusarekin eta 50.892 kutsatu dira.

Nafarroa da covid-19a detektatzeko proba gehien egiten duen Estatuko erkidegoa: 1.047,34 test egiten ditu 1.000 biztanleko; Estatuan, batez beste, 687,91 egiten dira, Osasun Ministerioaren arabera.

Zonaldez zonalde, kasuen % 43 Iruñerrian antzeman dituzte; % 5, Tutera inguruan; eta % 52 gainerako udalerrietan.

Adinari dagokionez, positibo gehienak 30-44 adin tartean eta 15 urtetik beherakoen artean detektatu dituzte,% 25 eta % 23, hurrenez hurren.

Ondoren, 45 eta 59 urte bitarteko taldea dago: %21; 15 eta 29 urte bitartekoak %17 dira; 75 urtetik gorakoak, berriz, %9, eta 60 eta 75 urte bitartekoak, %5.

Positibo berrien batez besteko adina 38 urtekoa da. Kutsatutakoen %59 emakumezkoak dira eta % 41 gizonezkoak.  

Bestalde, Osasunbideak azaldu duenez, 119 pertsona daude ospitalean, atzo baino zazpi gutxiago. Horietatik, 20 zainketa intentsiboetako unitatean daude eta 23 etxean ospitaleratuta.

Txertaketa kanpainari dagokionez, 20.625 lagunek hartu dituzte bi dosiak. Atzo, 1.332 txerto jarri zituzten eta, guztira, 53.333 dosi ipini dituzte.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Nafarroa Tutera berriak Gaixotasunak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Osasunari buruzko albisteak Medikuak Erizaintza gaur Medizinak albisteak Txertoak azken ordukoa Zer gertatu da Barañain herrian? Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak albisteak Osasunbidea gaur